Hemen inguruan sendabelarren ekoizpenik ez al da egiten eredu ekologikoan?
Nik belar-dendetan egin dut lan urte batzuetan. Askotan konturatzen zara bertan saltzen diren belarrak hemen ontziratutakoak direla, baina kanpotik ekarritakoak. Ikusita hemen sendabelar aberastasun handia dagoela, pentsatu genuen ideia ona izan zitekeela bertako sendabelarrak modu ekologikoan ekoiztea, biltzera atera nahi ez duenak, edo biltzeko toki txukun bat topatzen ez duenak, erosteko aukera izan dezan.
Hasita zaude sendabelarrak ekoizten?
Bai. Iaz lortu genuen lur sail bat alokairuan, asko kostata. Proiektu osoa gauzatzeko lur sail handiagoa beharko genuke, baina asko kostatzen da horrelako bat erostea. Lur zatitxo horretan probak egiten ari gara sendabelarrekin. Zer zerekin landatu, nola erreproduzitu eta horrelako azterketak egiten ari gara. Ez gara oraindik hasi eskala handian ekoizten.
Zer nolakoak landatu dituzue orain arte?
Gehienak bertakoak dira edo bertakora ongi egokitu diren landareak eta erabilera asko izaten dutenak. Ondo egokitzen direnen artean daude salbiak, erromero eta tomilloak, kalendulak… Bertakoak, berriz, txikori belarrak, plantainak, malbak, berbenak edota iperikoak dira.
Proiektuaren barruan zein toki betetzen du formazioak eta ezagutzen transmisioak?
Handia. Ekoizteaz gain, ezagutza transmititzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Transmisio hori moztu egin da momentu batean eta hori berreskuratu nahian gabiltza, datozenei ondare bat uzteko. Ezagutzeaz gain, nola erabili ere jakinarazi nahi dugu, zein prestaketa egin daitezkeen azaldu. Ez gara bakarrik mugatzen xarabe edo infusioetara. Sendabelarrekin azalerako produktu asko egin daitezke, eta baita etxea garbitzekoak ere. Aromatizatzeko ere egin izan dugu lana: intsentsuak eta girotzaile naturalak landu ditugu. Aukera handia daukagu eskura.