Uztaila 2026
— 2026-08-25Irakurri 284. zenbakia hemen.

Beñat Arrue eta Benantxio Irureta mendizaleen oroimenezko bosgarren ibilaldi neurtua egingo dute urriaren 3an. 2016an antolatu zuten lehen aldiz Aizarnako Herri Elkarteak, Agiro mendi elkarteak eta Zestoako Udalak Arrueren eta Iruretaren omenezko mendi ibilaldia; harrezkero, bi urtean behin egin dute, koronabirusaren pandemiaren ondorioz bertan behera utzi behar izan zuten 2020koa izan ezik. Horrenbestez, V. Beñat Benantxio ibilaldi neurtua izango da aurtengoa, eta parte hartu nahi dutenek dagoeneko irekita dute izena emateko aukera herrikrosa.eus atarian. Ibilaldi luzerako zein motzerako, aurrez izena ematerakoan 17 euro ordaindu beharko dituzte mendizaleek.
Aurten ere bi ibilbide jarriko dituzte aukeran antolatzaileek: luzea, 25 kilometrokoa 1300 metroko desnibela duena; eta motza, 10,4 kilometrokoa. Aizarnan hasi eta Aizarnan bukatuko dira bi ibilbideak, eta besteak beste, Komisolatzan, Gazumen, Iturriotzen eta Altzolan barrena ibiliko dira mendizaleak. Irteerari dagokionez, ibilaldi luzea aukeratzen dutenek 07:30ak eta 08:00ak artean ekin beharko diote ibilaldi neurtuari; eta ibilaldi motza egitea nahi dutenek, 09:00ak eta 09:30ak artean.
Mendi ibilaldirako ez ezik, ondoren Aizarnan bertan egingo duten bazkari herrikoirako ere eman dezakete izena mendizaleek, beste 20 euroren truke. Bazkari horrekin borobilduko dute jardunaldia aurten ere, 14:30etik aurrera.
Beñat Arrue 2001eko urriaren 17an hil zen Pumorin, beste lau mendizalerekin batera. Benantxio Irureta, berriz, Aneton hil zen, 2013ko maiatzaren 4an. Bi aizarnarren oroimenez aterako dira aurten ere mendira.