Apirila 2026
— 2026-05-04Irakurri 281. zenbakia hemen.

Pasa den ostiralean abiatu zen zestoarrentzat eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa. Aurten final-zortzirenetatik ekin diote lehiari modalitate honetan, Adunako pilotalekuan jokatutako kanporaketako joaneko partidetan. Zestoak hiru neurketetatik bi galduta amaitu zuen jardunaldia, hori horrela, Adunako pilotariak aurretik dira kanporaketan. Bihar, ostirala, erabakiko da final-laurdenetarako sailkapena, kiroldegiko frontoian, 18:30etik aurrera.
Adunan jokatutako partidei dagokienez, kadete mailako neurketan, Urrestillak eta Clavijok ezin izan zituzten aurkariak mendean hartu, eta 22-16 galdu zuten. Jubeniletan ere ez zuten zorterik izan Zubeltzuk eta Zabalak, 22-8 galdu baitzuten. Nagusien mailan, ordea, zestoarrek garaipena eskuratu zuten: Sasiainek eta Odriozolak 14-22 irabazi zuten.
Hortaz, 2-1eko emaitzarekin amaitu zen joaneko jardunaldia, eta kanporaketa bihar Zestoan jokatuko diren itzuliko partidetan erabakiko da. Final-laurdenetara sailkatzeko aukerak izateko, zestoarrek bi partida behintzat irabazi beharko dituzte.