Albisteak

Zestoako Mugimendu Feministak 21.731 euro biltzea lortu du elkartasun jaialdiarekin

Zestoako Mugimendu Feministak jakinarazi duenez, 21.731 euro biltzea lortu dute urriaren 17an antolatutako Elkartasuna Plazara jaialdian. Mugimenduko kideek ohar baten bidez eman dute bildutako diru kopuruaren berri, eta esker oneko hitzak ere ez dira falta izan: “Bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkizuegu Zestoako eta inguruko herritar guztiei zuen parte-hartzeagatik, inplikazioagatik eta erakutsi duzuen elkartasunagatik”. Egindako lorpenarekin, “elkartasuna hitzetatik ekintzetara” igaro dela nabarmendu dute.

Joan den ekainean absolbitu zituzten herriko sei bizilagunei elkartasuna adierazteko antolatu zuten jaialdia. Izan ere, epaileak deliturik egotzi ez bazien ere, zazpi urteko prozesu judizialean 30.000 eurotik gorako gastu ekonomikoak izan dituzte.. Hala, gastu horiei aurre egiten laguntzeko eta “elkartasun feministaren garaipena” ospatzeko xedez antolatu zuten egun osoko egitaraua.

“Kopuru ikusgarri honen atzean pertsona askoren ekarpena, ahalegina eta borondate ona daude. Bakoitzaren ekarpenak, txikia zein handia izan, berebiziko garrantzia izan du emaitza hau lortzeko”, azpimarratu dute antolatzaileek. Azkenik, jaialdia aurrera eramaten eta dirua biltzen lagundu duten guztiei “bihotzez” eskerrak emanez amaitu dute mezua: “Guztion artean gauza handiak lor ditzakegula erakutsi dugu”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide