Albisteak

Zestoako Udala “ehergia” energia-komunitateen sareko bazkide laguntzaile izango da

Uztaileko udalbatzarrean ehnergia sareko bazkide laguntzaile izatea onartu ondoren, iraileko osoko bilkuran udalaren ordezkariak izendatu dituzte. Aitor Ossa izango da ordezkaria, eta Mikel Arregi alkatea haren ordezkoa. Urriaren 3an egingo da ehnergiaren batzar eratzailea, bigarren mailako kooperatiba gisa, eta Zestoa ere sarearen parte izango da.

ehnergia Euskal Herriko energia-komunitateei babesa eta zerbitzuak eskaintzeko sortutako mugaz gaindiko sarea da. Energia-komunitateen arteko lankidetza sustatzea, haien kudeaketan laguntzea eta burujabetza energetikoaren alde lan egitea ditu helburu, besteak beste. Horretarako, tokiko energia berriztagarrietan oinarritutako eredua bultzatu, autokontsumo kolektiboa sustatu eta pobrezia energetikoaren aurka lan egin nahi du.

Argiolarekin egindako lanaren jarraipena

Aitor Ossak Danbolini azaldu dionez, aurreko legegintzaldian bultzatu zuen Zestoako Udalak herrian energia-komunitatea sortzeko prozesua, eta ekimen hartatik sortu zen Argiola. Gaur egun, ordea, izaera propioa eta autonomia dituen energia-komunitatea da Argiola, eta udalak babes eta elkarlan harremana mantentzen du harekin.

Elkarlan horren barruan, udalak hainbat espazioren lagapena egin du energia berriztagarrien instalazioak garatzeko. Hain zuzen ere, Arroabeko eskolako eta Aizarnako pilotalekuko teilatuetan instalazioak eginda eta martxan daude dagoeneko. Ondoren, Iraetako futbol zelaiko aldageletako teilatua eta Zestoako kiroldegiko teilatuaren zati bat ere laga ditu udalak, eta azken bi instalazio horiek martxan jartzear daude.

Era berean, herritarrei Argiolan parte hartzeko aukera zabaltzeko elkarlanean aritu dira, eta kolektibo zaurgarriei ere erraztasunak jarri zaizkie energia-komunitateko kide izan ahal izateko.

Ossak azaldu duenez, Argiolak, gainerako energia-komunitateek bezala, bestelako baliabideak eta laguntza teknikoa ere behar ditu bere jarduna garatzeko. Behar horri erantzutera dator EHNERgia: bigarren mailako kooperatiba gisa, tokian tokiko energia-komunitateei zerbitzuak eta babesa eskaintzea eta haien arteko sarea osatzea izango du egitekoa.

Zer eskainiko dio EHNERgiak udalari?
Energia-komunitateentzako zerbitzuez gain, toki-erakundeei zuzendutako hainbat baliabide ere eskainiko ditu EHNERgiak. Besteak beste, udal energia-estrategiak garatzeko aholkularitza, energia-komunitate berriak sortzeko prozesu parte-hartzaileetan laguntza, espazio publikoen eta instalazioen lagapenean bitartekaritza, bero-sareak garatzeko laguntza eta dirulaguntzak tramitatzeko aholkularitza.
Hala, sarean parte hartzeak energia-trantsizioaren inguruko egitasmoak garatzeko baliabideak eta beste udal nahiz energia-komunitate batzuekin elkarlanean aritzeko aukera eskainiko dizkio Zestoako Udalari.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide