Albisteak
Zestoako Udalak lankidetza akordioa sinatu du Iraurgi Berritzenekin
— 2016-07-08Urola Erdiaren garapenerako sortutako Iraurgi Berritzenek eta Zestoako Udalak lankidetzan aritzeko akordioa adostu dute. Garapen agentziak adierazi duenez “akordio hau garrantzitsua da Zestoarako, baina baita eskualde osorako ere”. Horregatik, aurkezpenean Zestoako Udal ordezkariez gain, Azpeitiko eta Azkoitiko alkateak ere izan dira.
Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak esan duenez “aukera hau ezin genuen pasatzen utzi. Azpeiti eta Azkoitirekin elkarlanean jardutea oso positiboa da Zestoarentzat, baita gainerakoentzat ere. Estrategiak bailarako ikuspegiarekin jorratuko dira hemendik aurrera, eta horrek Zestoa asko indartuko du. Akordio hau lortzerako orduan Zestoako EH Bildurekin lortutako adostasuna ere oso positiboa da”.
Aitor Zuzuarregi Zestoako EH Bilduko zinegotziak dioenez “guretzako erronka bat da proiektu hau. Lankidetza berri hau guztiontzat positiboa izateko herriko eragile sozialen eta eragile ekonomikoen aktibazioa bultzatu behar dugu. Eragile horiek dituzten beharrak entzun eta identifikatu behar ditugu, eragile horiek gabe ezinezkoa delako Zestoaren garapena”.
Maiatzean egin zuen elkarlanerako proposamena Zestoako Udalak
Orain arte Zestoako Udalak turismo arloan jardun izan du Iraurgi Berritzen agentziarekin. Eta akordio berri honekin arlo gehiagotan jardungo dute elkarlanean Udalak eta agentziak. Arlo gehiagotan elkarlanean aritzeko eskaera egin zion Zestoako Udalak Iraurgi Berritzeni pasa den maiatzean. Garapen agentziako administrazio kontseiluak ekainean egindako bilkuran baiezkoa eman zion zestoarren proposamenari. Hemendik aurrera, administrazio kontseiluaren bileretan Zestoako 2 udal ordezkarik hartuko dute parte, alderdi politiko bakoitzetik ordezkari batek.
Egin zaitez bazkide
IRUZKINDU