Albisteak

Zestoan ere nabarituko da gaurko eguzki-eklipsea

Gaur, abuztuak 12, asteetan mintzagai izan den ezohiko fenomeno astronomikoa izango da. Mende bat baino gehiagoan Iberiar penintsulatik ikusi ahal izango den lehen eguzki-eklipse totala izango da, eta Zestoan ere Eguzkia ia erabat estaliko du Ilargiak. Fenomenoaren unerik gorena 20:27ak aldera izango da.

Gaurkoaren berezitasuna da eklipse totala izango dela Iberiar penintsulako hainbat lekutan; halakorik ez da ikusi penintsulan 1912az geroztik. Zestoa totalitatearen zerrendaren mugatik oso gertu geratuko da. Eklipsea 19:31ak aldera hasiko da eta unerik gorena 20:27ak inguruan iritsiko da, Eguzkiaren diskoa ia erabat estalita dagoenean. Zestoan, hala ere, eklipsea partziala izango da.

Une horretan Eguzkia oso baxu egongo da, 7 eta 8 gradu inguruko altueran eta mendebal-ipar-mendebaldera. Zestoako herrigunean, beraz, mendiz inguratuta dagoenez, ezingo da eklipsea zuzenean ikusi. Hala ere, Eguzkia ia erabat estaliko denez, argitasunaren beherakada nabaritu egingo da herrian.

Fenomenoa ikusi nahi duenak mendebal-ipar-mendebaldera horizonte zabala eta oztoporik gabea duen toki bat bilatu beharko du. Eta ezinbestekoa izango da eklipseetarako homologatutako betaurrekoak erabiltzea; Eguzkiari zuzenean begiratzeak begietan kalte larriak eragin ditzake.

Eklipsearen inguruko informazio ofizial eta zabala hurrengo webgunean aurkitzen da: eklipsea.euskadi.eus/




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide