Albisteak
Zestoaturismo.net: Zestoako agenda turistikoaren erakusleihoa martxan jarri da
— 2017-05-12Zestoaturismo.net webgunearen aurkezpena izan da ostiral goizean Zestoako Turismo Bulegoan. “Webgune berriaren helburua Zestoako agenda turistikoa biltzea izango da, eta horretarako herriko eragile bakoitzak eskaintzen duena aktiboki erakutsi ahal izango du webgunean” adierazi du Juanjo Aranburu Araziko arduradunak. Herriko eragileek sortutako agenda hori turistengana heltzea izango da gakoa: “agenda hori inguruko hotel, ostatu edo landetxe guztietara bidaliko da, baita gainerako turismo bulegoetara eta komunikabideetara ere” azaldu du Aranburuk.
Atari berria Euskaraz, Gaztelaniaz, Frantsesez eta Ingelesez dago, “kanpoko jendeari erakargarria egiteko” helburuarekin. Agenda turistikoaz gain, badira gauza gehaigo ere, adibidez Zestoako mendi ibilbideak ere deskargatu daitezke webgunetik.
“Turistek behin baino gehiagotan galdetu izan digute non aurkitu dezakegun Zestoako agenda turistikoa. Eta hemendik aurrera erantzuna argia izango da: zestoaturismo.net” adierazi du Josetxo Mendizabal Zestoako Alkateak.
Herritarrek agenda osatzen lagundu dezakete
Norbaitek zestoaturismo.net webgunean herrian antolatutako ekimen baten berri eman nahiko balu Zestoako Turismo Bulegoarekin harremanentan jarri daiteke. Bai Portale Kaleko bulegoan bertan edo baita info@zestoaturismo.net helbidera idatzita ere.
Egin zaitez bazkide
IRUZKINDU