Martxoa 2026
— 2026-03-27Irakurri 280. zenbakia hemen.

Ba bai, 86ko astokillo hauei ere iritsi zaizkie 40ak. Batek baino gehiagok esango du: “Bazuten garaia pixka bat asentatzeko”, jejeje. Baina bai, iritsi zaizkigu hainbeste hitz egiten den edo beldurtzen duen mitoa duen adina, eta horixe uste dut: hain modan dagoen “mitoaro” garaian, mito bat besterik ez dela.
Uste dut zorteduna naizela atzera begiratu eta ikustean hainbeste esperientzia bizitzeko aukera izan dugula, baina oso kontziente ere banaiz zorte hori zenbat bilatua izaten den. Gogoan ditut futbolean pasatako urteak, gogoan olatu onenak non bilatuko egindako bidaia eta kilometro pilak ere. Ze ilusiorekin bizi genituen sanferminak eta Euskal Herriko hainbat festa. Gogoan ditut lagunekin egindako oporraldi eroak, eta nola ahaztu abuztu erdian 30 gradurekin nola pizten zitzaigun snowboard egiteko ilusioa “Belaxe elurretan gattuk” elkarri esanez.
Urte batean, grinari ezin eutsita, Zestoako amabirjinetan, kalean ibilitakoa da parrandan lagun baten elurretako ohola ere, jejeje. Astelehenetan lanera beti leher eginda iristen ginen, askotan asteburua elurretan pasatuta. Hala esaten genuen “Martxa honetan 40ra eztiu allau ber”, eta gero beti “Bueno, orduan ikusikoiu” esan eta berdin segitzen genuen. Eskerrak.
Ba horrelaxe bizitzea aukeratu genuen, ”topera”, eta denbora hau dena pasatu eta konturatzen naiz horrek uzten duen bakeaz. Momentua bizitzeak. Emandako ibilbideari begiratu eta lagun on baten tatuajeak jartzen duen bezala “Merezi zun” pentsatzeak.
Baten bati lagunduko balio, horixe transmititzea gustatuko litzaidake. Gaztetasuna bizitzeko; egungo mundu artifizial eta digital honi freno pixka bat jarri eta benetan motibatzen zaituen horri energia jartzeko. Jendeak zer esango duen albo batera laga eta benetan gustatzen zaizun hori egiteko.
Guk hurrengo etapa daukagu aurretik, motibazio eta erronkaz betea eta oraindik gerra pixka bat emateko gogoarekin gainera. Asko gustatuko litzaidake hurrengo 40ak pasatu eta Danbolinen balantzeaz idaztea. Ezta seinale txarra izango denontzat. Bitartean, ez dezagun inork ahaztu “BIZITZEA”.
Odei Unanue