Albisteak

Gazte Asanbladaren 37. urteurren festa eguneko egitaraua ezagutzera eman dute

Apirilaren 25ean, larunbatez, ospatuko du Gazte Asanbladak 37. urteurreneko egun nagusia, egun osoko egitarauarekin. Goizean kirol giroa izango da protagonista, eta arratsaldetik aurrera musika eta jai giroa nagusituko dira.

Egitaraua 10:00etan hasiko da futbito txapelketarekin. Ondoren, 14:00etan bazkaria egingo dute; ikasle eta langabeentzat 10 euroko prezioa izango du, eta langileentzat 12 eurokoa. Arratsaldean, 17:00etan, futbito txapelketako sari banaketa egingo dute, eta 18:00etan Step selektah taldearen emanaldia izango da.

Eguna borobiltzeko, 21:30ean kontzertuak izango dira. Manitu talde zestoarra igoko da lehenik oholtzara, Oroitzapen berriak izeneko disko berria aurkezteko. Bad Sound System izango dira bigarrenak, eta DJ M&M zestoarrak arduratuko dira urteurren festa ixteaz.

Gazte Asanbladak urteurrena ospatzeko egitarau zabala antolatu du apirilean zehar, eta larunbateko jaialdiak emango dio amaiera urteurrenari.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide