Paperekoa
[ZUTABEA] Bidaiak
— 2025-05-14“Hegazkina Biarritzetik Bruselara. Free tour. Grand Place. Manneken Pis. 65,5cm, gaur gerlariz jantzita dute. Frites eta moules. Bost Leffe, mesedez. Trena, Brujasera. Sorginak. Ez, flandrierako brugge, zubitik, dator izena. Beraz, sorginik ez. Kanalak eta zubiak. Jendea, lepo. Txokolatea. Trena. Gent, dotorea. Gaztelua. San Migel eliza. Patata gehiago. Stoverij gisatua eta beste bost zerbeza”.
“Madriletik Tangerrera 60 euroan. Merke, Aste Santuak izateko. Medina Kasbah. Zoco Chico, regateoa. Kuskusa. Cap Espartel eta Asilah. Te beroa. Tetuanera. El tiempo entre Costuras. Seriean xarma gehiago zuen hiriak. Hummusa. Hassan IIa plaza. Chefchaouen, urdina. Marihuana. Hammama. Regateoa, berriro”.
“Kotxean, zazpi ordu, Benidorm. Hotelak, jubilatuak, ingelesak. Hotelak, jubilatuak, ingelesak. Bizikletan, 100 km. Noiztik daude mendiak Mediterraneoan? Bazkaldu, siesta. Paseoa malekoian. Levante eta Poniente. Bi zurito eta pintxo bat. Afaldu. Dena bider bost”.
“Furgoneta, Llanesera. Katxopoa eta sidriña. Surfa. Covadongako basilika eta Ama Birjina. Sotres. Naranjo de Bulnes. Urrielluko aterpea, eskalada. Ribadesellan, kayaka. Sidriña gehiago. Ruta del Cares. Gulpiyuriko hondartza, jendetza. Priako bufoiak itsasgoran”.
“Kotxea, Auritzera. Kanpina. Orbaitzetako arma-fabrika. Irabiako urtegiari bizikletan itzulia. Iratiko basoa, pagadia. Abaurregaina. Abaurrepea. Jaurrieta. Gartxoten koba, Itzaltzun. Mendia. Lasaitasuna.”
“Entzunda ditut baina ez ditut kokatzen, non daude, Iparraldean?”. “Ez, Nafarroan. Merezi du joateak”. “Hurrengo batean, agian”.
Aste Santuetatik bueltan, lankideekin eta lagun artean izandako elkarrizketak dira. Azken kontakizunarekin klak egin dit buruak, eta, Iker Zubeldiaren bertsoa ekarri dit burura, “Itsaroari Begira” doinuan kantatua: Olatu fresko bezain ederrak / datoz Bizkaiko golkora / Elortxikitik Arranohaitza / Zelatundik Erniora / Malerrekatik Bortziritara / Baztandik Elizondora / Urepeletik buelta eginda / bagatoz Izpegin gora / hauek nun dauden ez badakizu / zertara zoaz kanpora?
Hor doa, beraz, hurrengo urterako nire proposamena: “Oinez, Santa Engraziara. Aizarnan, arkumea burruntzian. Agittako ur-jauzia. Ekaingo erreplika eta Lili jauregia. Bi salda eta bi txorizo pintxo. Harrobi zaharrean eskalada. Bizikletan, Iraetara. Pala partida lagunekin. Lau zurito eta lau kroketa. Izarraitzi itzulia. Pump-tracka. Bainuetxeko urak, relax”.
Etxean leku ederrak izan arren, kanpokoa beti exotikoagoa dela iruditzen zaigun horientzat. Bidaia on!
Maddi Alberdi Izeta
Egin zaitez bazkide