Paperekoa

[ZUTABEA] Gora tabernak!

Jaso berri dut, hau idazten hastearekin batera, asteleheneroko mugikorraren erabilera-txostena. Oraindik aje pixka bat dudala ireki dut oharra, eta larunbatean lagunartean ondo pasatzeari gehitu zaio, egun horretan, mugikorra zazpi minutu bakarrik ibili izanaren albistea. Ez da susmo hutsa,
beraz, datuek ere hala diote, kalean eta lagunartean gaudenean nabarmen gutxiago jotzen dugula pantailara.

Lau pareten artera geroz eta errazago jotzen dugu, etxera; geroz eta aurrez aurreko harreman gutxiago ditugu. Geroz eta erosketa gehiago egiten ditugu klik batean. Eta aldi berean penatzen gara herriko komertzio eta tabernak ixten doazelako. Ez dago oraintxe erraza horrelako negozio bat
aurrera ateratzea eta izugarrizko tristura sortzen dit lehen objektuz betetako erakusleiho bat orain paper marroiz estalita ikusteak. Ez dut intentziorik, ordea, ixtearen zama hori negozioaren arduradunaren gainean jartzeko. Herritarrona da ardura eta ez du balio erosketak astean behin kate
handi batean egin edo burdindegian bezala paper-dendan erosi ahalko genituzkeen gauzak Amazonen erosi, eta gero kafe orduan penatan ibiltzea honek edo hark negozioa itxi duelako.

Baina gaur ez dut idatzi nahi kontsumoaz, edo kontsumo honetaz, behintzat. Badut beste arrazoi potolo bat jendea kalera gonbidatu eta tabernen alde egiteko. Honela dio pasa den martxoan Argia astekarian irakurri nuen artikuluak: “Taberna bat ixten denean, ateak irekitzen zaizkio eskuin
muturrari”. Frantzian jartzen du fokua artikuluan aipatzen den ikerketak, baina esango nuke aplikagarria dela beste edozein eremutan ere. Aipatzen du tabernak desagertzen direnean, auzokideen arteko harremanak eteten direla eta gizarte-egiturak aldatzen direla. Azken batean, tabernak, bere on eta txarrekin, sozializaziorako, elkarrizketarako, harremanetarako espazio ere badira. Eta sozializazio hori etxeetara lekualdatzen denean, polarizazioa eta diskurtso sinplistak hauspotzen dira. Hala dio ikerketak: “Eztabaidarako espazioak desagertzean, norbanakoari filtro gutxiagorekin helduko zaizkio komunikabide edo sare sozialetako mezuak”, eta hor sartzen du muturra eskuinak.

Kalean harremanetarako geroz eta espazio gutxiago izan, etxean gero eta bakartuago gaude, beraz, eta hasierara bueltatuz, neronek nabari dut etxean nagoenean gehiago jotzen dudala pantailara. Eta pantailak, lagunok, sare sozialak, ez dira neutralak. Kontrara, kalean nabilenean, benetako sare sozialak josten ditugu.

Beraz, inork galdetzen badit zer gabiltzan tabernan, erantzungo diot: “Ultraeskuinaren aurka borrokatzen ari gara”.

Itsaso Zubiria




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide