Albisteak

Euskararen, islamofobiaren eta feminismoaren aurkako gorroto diskurtsoak hausnarketagai, “Euskararen Lorailean”

Euskararen Loraila egitasmoaren baitako hirugarren hitzordua egin zuten asteartean Alonderon . Azken urteotan indarra hartzen ari diren gorroto diskurtsoak eta horiek gizartean duten eragina izan zituzten hizpide Gorrotokrazia izeneko solasaldian. Hain zuzen ere, hiru esparru landu zituzten: euskararen aurkako diskurtsoak, islamofobia eta feminismoaren kontrako diskurtsoak.

Leire Ibarguren, Hajar Samadi Bidaya eta Agurne Gaubeka

Hiru hizlarik hartu zuten parte, eta bakoitzak bere esparruko egoera azaldu zuen lehenik. Ondoren, hiru borroken arteko loturezaritu ziren. Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria, Hajar Samadi Bidaya emakume musulman gazteen elkarteko kidea eta Leire Ibarguren Azpeitiko Feministen Sareko eta Astindu Armayuek taldeko kidea izan ziren hizlariak. Onintza Irureta Euskara Foroko kideak egin zituen dinamizatzaile lanak.

Euskararen aurkako diskurtsoak, normalizatuta

Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak hartu zuen hitza lehenik. Behatokiak eskaintzen duen Euskararen Telefonoa doako zerbitzuaren berri eman zuen; hizkuntza eskubideen urraketak salatzeko eta konponbideak bilatzeko tresna dela azaldu zuen. Herritarrek zein elkarteek helarazten dituzten intzidentziak jasotzen dituzte bertan.

Gaubekak azpimarratu zuen Behatokiaren helburua hizkuntza eskubideak defendatzea eta herritarrak babestea dela, “hizkuntza eskubideak giza eskubideak” direla aldarrikatuz. Haren esanetan, gaur egun indarrean dauden legeek ez dituzte behar bezala bermatzen herritarren hizkuntza eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoan.

Urtero mila intzidentzia inguru jasotzen dituztela azaldu zuen, nahiz eta “gertatzen diren kasuetarako gutxi” direla nabarmendu. Euskaraz artatua ez izatea, euskara ikasteko oztopoak izatea edo hizkuntzagatik diskriminazioa pairatzea dira, besteak beste, jasotzen dituzten salaketak. Horrek ondorio zuzena du “herritarren osasunean, segurtasunean eta berdintasun printzipioan”.

“Ez gara hizkuntzarekiko pribilegiatuak; gutxiagotuta gaude”, adierazi zuen. Gainera, euskararen aurkako gorroto egoerak normalizatuta daudela salatu zuen: “Badirudi nolabait isilarazi gaituztela. Guregana jotzen duten askok beldurretik egiten dute”. Haren ustez, askotan aurrez pentsatzen dugu euskaraz egiteak arazoak ekarriko dizkigula espazio jakin batzuetan, eta horregatik zuzenean beste hizkuntza batera jotzen dugu.

Islamofobia, eguneroko erronka

Ondoren, Hajar Samadi Bidaya emakume musulman gazteen elkarteko kideak hartu zuen hitza. Diskurtso islamofoboek eguneroko bizitzan duten eraginaz eta elkarbizitzaren erronkez aritu zen.

Azaldu zuenez, islamofobiaz hitz egitean askotan islamaren kritikarekin nahasten da kontzeptua, baina ez da gauza bera: “Islamofobia musulmanen aurkako arrazakeria mota bat da; arrazakeriaren tentakulu oso indartsua”. Bere esanetan, musulmanen aurkako diskriminazioak ez du soilik erlijioarekin zerikusia, baizik eta klasearekin eta generoarekin ere.

Musulmanen kolektiboa oso heterogeneoa dela gogorarazi zuen, eta homogeneizazio hori bera ere islamofobiaren adierazle dela nabarmendu zuen. “Iranen zerbait gertatzen bada, musulman guztiekin lotzen da, eta ematen du nik azalpenak eman behar ditudala”, adierazi zuen.

Islamofobia iceberg baten modukoa dela azaldu zuen: puntan irainak eta indarkeria fisikoa daude, baina oinarrian egiturazko arrazakeria dago. Etxebizitza lortzeko, lana bilatzeko edo janzkeragatik sortzen diren diskriminazio egoerak aipatu zituen adibide gisa.

Emakume musulmanen janzkera islamofobiaren tresna gisa erabiltzen dela salatu zuen. “Ez dugu nahi gure estetika edo janzkera ulertzea; errespetua eskatzen dugu”, esan zuen. Elkarren arteko errespetua oinarri hartuta soilik egingo dela aurrera gehitu zuen.

Genero zapalkuntza, agerian

Leire Ibarguren Azpeitiko Feministen Sareko eta Astindu Armairuak taldeko kideak mugimendu feministaren eta kolektibo disidenteen ikuspegitik heldu zion gaiari, sare soziaetan eta kalean areagotzen ari diren jarrera matxistak eta baztertzaileak aztertuz.

Kataluniako zenbait zientzialarik egindako ikerketa baten harira, azaldu zuen gaur egun gorroto diskurtso antifeministen gorakada sumatzen dela gazteen artean. Ikerketaren arabera, mutil gazte askok ez dute euren burua feministatzat jotzen, baina aurreko belaunaldietako gizonek baino jarrera berdinzaleagoak dituzte. Fenomeno horri “sexismo modernoa” deitu zioten.

Sare sozialen eragina ere azpimarratu zuen: gazte askori mezu antifeministak iristen zaizkie bilatu gabe. Hala ere, ohartarazi zuen ezin zaiola feminismoari egotzi antifeminismoaren gorakada: “Mugimendu feministari beti lupa batekin begiratu izan zaio, eta egin duen guztia zalantzan jarri da”.

Gazteei errua botatzearekin ere kontuz ibili behar zela ohartarazi zuen. Haren esanetan, gazteen aurrean jartzen diren erreferente publiko askok feminismoa gutxiesten dute, bai plataforma digitaletan bai bestelako espazioetan. “Askotan helduengandik datozen gorroto diskurtsoak dira”, nabarmendu zuen. Era berean, diskurtso transfobo edo transbaztertzaileei ematen zaien oihartzuna ere salatu zuen.

Borrokak batzeko beharra

Lehen zatia amaituta, hiru hizlariek zapalkuntza horien arteko loturez hausnartu zuten. Gorroto diskurtsoei aurre egiteko aliantzak beharrezkoak direla nabarmendu zuten, erasoek jatorri eta mekanismo antzekoak dituztelako.

Azaldu zutenez, askotan eraso horiek gutxiagotutako egoerak iraultzeko hartu diren neurri edo eskubideen aurkako erreakzioak dira. Horregatik, borrokak elkartzea ezinbestekoa dela defendatu zuten.

Hizlarien esanetan, gaur egungo gizarte eredua hainbat zapalkuntzatan oinarritzen da, eta zapalkuntza guztiak gainditu ezean ez dela benetako askatasunik egongo. “Elkarrekin borrokatzen badugu, askoz arriskutsuagoak izango gara sistemarentzat”, adierazi zuten.

Azkenik, ohartarazi zuten ez dela komeni zapalkuntzen artean lehia sortzea, “nork pairatzen duen gehiago” neurtuz. Eskubideak eta pribilegioak bereizi behar direla azpimarratu zuten, eta “borroka guztiak denonak” direla.






Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide