Albisteak

“Euskararen Loraila” egitasmoa aurkeztu dute Euskara Foroak eta Zestoako Udalak

Euskara erdigunean jartzeko eta haren egoeraren inguruan hausnartzeko helburuz, Euskararen Loraila egitasmoa aurkeztu dute Euskara Foroak eta Zestoako Udalak elkarlanean. Antolatzaileek azaldu dutenez, egitasmoaren xedea “euskara erdigunean jartzea” da eta, aldi berean, “herritarrek gaur egun euskara bizitzen ari den egoeraren inguruan hausnartzea”. Maiatzeko lau asteartetan ekitaldi desberdinak izango dira herrian, “euskara loratzeko gure zaintza behar duelako” ideiari helduta.

Frankopoleon antzezlana izango da lehen hitzordua, maiatzaren 5ean, 18:30ean, Kultur Etxeko areto nagusian. 2070. urtean kokatutako lanak “euskal komunitatearen egungo kezkak umorez eta ironiaz islatzen” ditu, eta antzezleen artean izango da herriko Inma Koiote.

Hitzaldiek ere izango dute lekua egitarauan. Maiatzaren 12an, 18:30ean, Alonderon, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak eskainiko du saioa. Elkartearen ustez, “euskara eta euskal komunitatea bizirik iraunarazteko independentziaren bidea beharrezkoa da”, eta hori “ikuspegi intersekzionala garatuta” lortu daitekeela diote.

Bestalde, maiatzaren 19an egingo duten solasaldian, Gorrotokrazia izango dute hizpide, izan ere, “gorrotoaren kultura zabaltzen ari den garai hauetan, euskara eta euskal komunitatea ez dira jomuga bakarrak”. Hori hizpide hartuta, gorrotokraziaren inguruan ariko dira Leire Ibarguren, Hajar Samadi eta Agurne Gaubeka.

Egitasmoari amaiera emateko, UEMAk Esnatu gure hizkuntzak har dezan arnas kanpaina aurkeztuko du maiatzaren 26an, 18:30ean, Alonderon. Antolatzaileen arabera, “egungo egoerari buelta ematea ezinbestekoa” da, eta hortik sortu dute dinamika, “arnasguneak babestu eta sendotzeko, euskararen biziberritzean motor izan daitezen”. Ale Goikoetxea UEMAko teknikariak gidatuko du saioa.

Euskararen loraila egitaraua:

Frankopoleon antzezlana
Maiatzak 5 — 18:30, Kultur Etxea

Hitzaldia: Euskal Herrian Euskaraz
Maiatzak 12 — 18:30, Alondero

Solasaldia: gorrotokraziaren inguruan
Hizlariak: Leire Ibarguren, Hajar Samadi, Agurne Gaubeka
Maiatzak 19 — 18:30, Alondero

“Esnatu” kanpainaren aurkezpena — UEMA
Maiatzak 26 — 18:30, Alondero




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide