Maiatza 2026
— 2026-06-03Irakurri 282. zenbakia hemen.

Asteburuan ospatuko dira aurtengo santakutzak. Larunbatean hasiko dira festak, eta igandean umeen danborradak emango die jarraipena ospakizunei.
Larunbatean, maiatzaren 2, 11:30ean, Haurren Santakutz Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte. Arratsaldean, 19:00etan, jaien hasiera izango da, Idiakaitz Txistulari taldeak, Azpeitiko Bandak eta Zestoako Musika Bandak girotutako kalejirarekin.
Gauean, 22:30ean, helduen danborrada aterako da kalera. Gure Txokoa, Gaztetxea, Trapuzarrak, Zitxontarrak, Ipintza, Lauiturri, Aldrebesak eta Atabaldak taldeek parte hartuko dute, Zestoako, Ustekabe, Zumaia eta Azpeitiko banden doinuekin. Ondoren, Ustekabe Txarangak girotuko du gaua.
Gainera, aurtengo helduen danborradak kutsu berezia izango du. Izan ere, pasa den ekainean zendu zen Jesus Aizpurua Txispiren omenez, Debako Martxa pieza joko da. Txispi urte askotan izan zen danborradan Lauiturri elkarteko zuzendaria, eta elkarteko kideek azaldu dutenez, danborrada gerturatzen ari zela beti esaten zuen Debako Martxa jo beharko litzatekeela Zestoako danborradan, baina inoiz ez zen hori gauzatu. Zuzendari ohia gogora ekarriz, plazan joko dute pieza hori eta omenaldi berezia egingo diote.
Igandean, maiatzaren 3an, 10:30ean, Idiakaitz Txistulari taldearen diana izango da, eta arratsaldean, 18:00etan, umeen danborrada egingo dute.