Ekaina 2026
— 2026-07-02Irakurri 283. zenbakia hemen.

Mendien presentzia handiarekin jaio ginenontzat, mendirik gabe egoteak desorientatu egiten gaitu, iparra galtzen dugu; badirudi aterpe natural bat falta zaigula. Desio ditugu zeruertz egonkor eta lineala hausten duten harritzar horiek. Txile da nire jaioterria: lur gorabeheratsu eta bizia, sumendi aktiboz eta lurrikaraz betea. Eta, orain, Zestoa dut bizileku, barrualdekoa dirudien ia kostaldeko herria, baina, Andeetako Txile ez bezala, mendi otzan eta atseginagoez inguratua.
Mendiak ikusteko modua aldakorra izan da. Yi-Fu Tuan txinatarrak Geografia erromantikoa liburuan kontatzen digunez, kristautasunaren aurretik, mendiak gorentasunaren irudikapena ziren, eta jainkoen bizilekutzat jotzen ziren zerutik gertu zeudelako. Sakratuak ziren: Meru mendia indiarrentzat, Aconcagua inkentzat, eta, urrunago joan gabe, Anboto euskaldunentzat.
Denborak aurrera egin ahala, mendien ikuskera biblikoa agertu zen: jatorrizko bekatuagatik, lurra hutsunez, irregulartasunez, garatxoz bete zen; lurraren aurpegi leuna hondatu egin zen. Mendiak zigor jainkotiarra ziren. 1700. urtera arte, ezezagunak eta bidelapurrez beteak. Euskal Herrian, boterean zeudenentzat gaizki ikusiak ziren, sorginen eta fedearen etsaien babesleku izateagatik. Azkenik, mendiak ikusteko bi modu antagoniko nagusitu ziren, gaur egun ere irauten dutenak: ikuskera “erromantikoa”, mendizaletasuna XVIII. mendean Europan diziplina gisa sortu zenekoa, eta mendien ikuspegi “utilitarista”; mendiak ustiatzeko dira, produkzio iturriak (basoak, parke eolikoak, harrobiak). Bi jarrera horiek bateraezinak dira, talka egiten dute, hedatzen ari den kapitalismo natura suntsitzailearen inertziagatik.
Mendiak duela milioika urte sortu ziren, beren erritmo eta hizkuntza propioarekin, baina guk esanahiz bete ditugu. Esanahi aldakorrak, arlo sozial eta indibidual guztiak bezala: zer esan nahi dute zuretzat mendiek?, nondik erlazionatzen zara mendiekin, ikuspegi indibidual edo kolektibotik?, zer oroitzapen dituzu mendiari lotuta?, zer da haietan politikoa?, eta zer defendatu beharko genuke mendietan?
Ignacio Fouilloux Osorio