Paperekoa

[ZUTABEA] Zintzo ala hutsal

Euskaraldiaren ildotik, ariketa bat. Galdera forman. Eskerrak ematen al dituzu? Eta eskerrak ematea erraza egin ohi zaizu? Baina, bihotzez ematen dutenengatik galdetuko banu, nork altxatuko luke eskua?
Eskerrak ematea oinarrizko giza interakzio bat da, eta, sinplea dela dirudien arren, ez da beti horrela izaten. Kontestuaren arabera betiere, baina eskerrak modu automatiko eta fundamenturik gabekoan ematen diren honetan, begietara begira, hitz magikoak esaten dituen ausartik apenas dago.
Bai, deserosoa izan liteke. Eta karga emozional hori arindu nahiak ahozko komunikazioan ere badu zipriztinik. Etxeko ogia, beti gogorra dioen esamoldeak ederki balio lezake euskara zaharkituta sentitzen dutenentzat. Hauek, modernizazioaren izenean, beste hizkuntzetara jotzen dute mailegu bila. Esaterako, asco dira “eskerrik” darabiltenak. Classe jendeak, berriz, nahiago du “mertzi” hitza ahoskatu.
Hala ere, sare sozialetan “eskerrikasko” idazten dutenek egiten didate grazia gehien. Apropos gaizki tekleatze horrek sutzen nau. Zertarako erabiltzen ote dute bi hitzen artean beharko lukeen tarte hori ez idazten aurreztutako denbora? Zientzia ikertzen? Filosofia sakonean murgiltzen agian? Danbolineko hurrengo zutabea idazten akaso?
Argi, dago gero eta gehiago gainera mundu digitalak. hizkuntzaren maila kaskartzearekin eragin zuzena duela sarri esan ohi dit lagun batek eta, horrelako, akatsak azaleratzen ditugunean sortzen da eztabaida hau hizkuntza bat komunikatzeko soilik dela eta. ez arauak errespetatzeko ez nago ados ordea adibidez sarritan koma. edo puntu bat ondo idazteak asko laguntzen, du komunikazioa egoki lortu nahi bada eta paragrafo hau da. adibide
Ondorioz, balioetsi dezagun WhatsAppez urtebetetzea zoriondu eta lagunak “Eskerrik asko!” idazten zuri eskainitako mikrosegundo bakoitza. Hizki larriz, harridura ikurrez eta bereiz idatzirik. “eskerrikaskooo” erantzun badizu, argi! Ziurrenik ez du horrenbeste estimatu zure mezua.
Beraz, zenbatek altxatuko zenukete eskua?

Ioritz Arantzeta Lasa




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide