314. Eta isiltasun handia erori zen

Gaurko eguna, bizitzaren ospakizuna da niretzat, aitak urteak betetzen dituelako; hamargarren hamarkadan sartzeko zortea izan du. Eta, aldi berean, gaurko eguna egun triste eta malenkoniatsua da, duela 13 urte lankide bat, eta batez ere lagun bat, joan zitzaigulako.

1983an hasi zen lanean bera, Zestoako Udalean, 23 urterekin. Handik lau urteko abenduan iritsi nintzen ni, 23 urterekin neu ere. 1983ko apirilaren 18an, izan zuen lehen udalbatzarra idazkari berriak. Bilera gogorra: orduan Estatuak jartzen zituen idazkariak, eta udal zinegotzi denek ez zuten ongi ikusi “inposaketa” hura. Eta horrez gain, gaztetxearen aldeko borrokaren gertakari berezi bat ikustea tokatu zitzaion egun hartan. Eliz Ondoko zentroa itxi eta denbora gutxira, gazte jendea gaztetxea eskatzen hasi zen. Eta batzar guztietan ateratzen zen gaia. Baina inolako aurrerapenik ez eta, behin, ateak itxi zizkieten zinegotziei, gaia erabaki arte aretotik irten ez zitezen. Xebasen lehen pleno hartantxe gertatu zen hori. Egun hartan poliziari deitu zion norbaitek eta han egon ziren plazan, baina zorionez ez zen ezer gertatu. Aretora hurbildutako jendea eta giroa zapuzten ari zela ikustean, bilera amaitutzat eman zen (“Al ver que se estaba enrareciendo el ambiente del público asistente” dio aktak).

Gurea bezalako udaletxe txikietan, eta are gehiago garai haietan, idazkariek paper berezia jokatzen dute proiektuak bideratzerakoan: askotan, beren lana izaten zen proiektuak proposatzea, koordinatzea eta dinamizatzea. Horrela, gaur egun Zestoako Udalak duen egitura, izaera eta nortasuna, gure udalaren bereizgarri edo bandera izan diren hainbat proiektu, Xebasen pentsaera edo/eta eraginari esker eginak dira, neurri handi batean. Ezin ditugu hemen aipatu denak. Bat bai, ordea; Sebastianentzat kuttunena izan zen proiektua: Zestoa Hiri Termala, eta haren barruan, Ekaingo erreplika. Idazkari izendatu eta gutxira hasi zen ideiari forma ematen, eta azkenera arte egin zion jarraipena.

Baina idazkari aparta izateaz gain lagun apartagoa izan zen gutako askorentzat. Ni lanean hasi nintzenean, 23 urtetxorekin (abenduaren hasieran, zeharo galduta) ohitura berezi bat zegoen: Gabon egunean, Zestoako Udalak hamaiketakoa ematen zien udal langile guztiei. Ohitura, berez, oturuntza udaletxeko areto nagusian egitea izan behar zuen, eta hara eramaten omen zuten jatekoa Portu tabernakoek, baina ni sartu nintzenerako zuzenean tabernan egiten zen mokadua. Arriskutsua zen hamaiketako hura, eta batez ere, hasiberriontzat, ez zenuelako ezagutzen nolakoa zen protokoloa, eta, ondorioz, konturatzerako mozkortzeko arriskua zeneukalako.

Hamaiketakoa amaitutakoan, ordu biak aldera edo, behekoak Lauiturri elkartera edo joaten ziren (ez dut gogoratzen elkarte hori zen) eta goikook Ipintzara. Artean klasismo moduko zerbait bazegoen udaletxean, eta hala sailkatzen gintuzten brigadakoek-eta: gu ginen goikoak, bulegoetakoak, eta beraiek ziren behekoak, brigada eta abarrekoak. Bada goikook, Alkortan (garai hartan kafetegi-gozotegia) erosten genituen pastelak eta Ipintzara joaten ginen kafea eta tragoak hartzera.

Eta gogoan dut, han alkoholez bete-bete eginda, Xebasen etxera (garai hartan, gaur eraitsita dagoen Postetxe gainean) joan ginela bakar batzuk (edo neu bakarrik nintzen? Nola akordatu mozkor izugarri harekin?) eta han –eta hau da txundigarria– mozkor harekin, han Xebasek gordeta zeukan egunkari ebakin bat izan genuela hizketa gai, luze eta zabal: “El manifiesto de mi generación”, David Leavitt-ek idatzia (El País, 1987-01-31). Oraindik hementxe aurrean daukat ebakin haren fotokopia, paper satinatu-satinatuan, orduko fotokopien kalitate kaskarrean. “Dimos nuestros primeros pasos en una época ardiente, inquieta e irónica desilusión. ¿Adónde creíamos ir con nuestra joven energia, tan publicitada, que presionaba dentro de nosotros? ¿Qué se esperaba de nosotros?”. Adibide bat besterik ez artikulu hori, gu zer ginen irudikatzeko, Zestoa bezalako herri txiki batean zer espezie arraro ginen orduan irudikatzeko. Guretzako, Bizente Davilarentzako edo niretzako (eta beste askorentzat), aire freskoa ziren irakurketa haiek eta lagun klase hura, eta uste dut Xebasentzat ere bai: gazte lizentziatu berri haiek ezagutzea, Madrilen eta Salamancan ikasi zuten haiek gauza ez-ohikoa izan zela.

Horrela hasi zen dena. Konta ditzaket hemen laneko hainbat bizipen eta zer nolako lan galanta egin zuen Zestoako Udalean baina aipatu dut pixka bat hasieran. Beste ezeren gainetik langile ikaragarria izan zen, “hemen kamiseta busti egin behar da” esaten zuen, baserrian aitzurrean ari bagina bezala, eta bere lanerako grinarekin erakusten zuen hori.

Mundu zabalari irekia, intelektuala, zine eta musika zalea, irakurle porrokatua jakina, aberatsa jakinduriaz eta balore etikoez, eta emankorra, eskuzabala. Eta zerbitzu publikoaren aldarrikatzaile sutsua.

Guretzat, kultur mundutik gentozenontzat (alegia, ez ginen oraingo gimnasio zale horietakoak), gozamena izan zen berarekin egotea, bera entzutea, elkarrekin ikuspuntu desberdinak partekatzea… Guretzat 20 urte pasako elkarbizitza izan zen, eta bere izateko erarekin, gauzak egiteko moduarekin… busti-bustita, blai, utzi gintuen.

José Martík esan omen zuen pertsona bakoitzak bere bizitzan hiru gauza egin beharko lituzkeela: zuhaitz bat landatu, seme bat izan eta liburu bat idatzi. Itziarrek esan beharko digu zuhaitzik landatu ote zuen baina, nik dakidanez, ez zuen libururik idatzi eta ondorengorik izan ere ez. Baina ibili zen lekuan, ezagutu zituen pertsonengan arrastoa utzi zuen, eta arrastoa baino askoz gehiago ere bai.

Batzuetan, lanean ari naizenean, neuri buruari galdetzen diot berak nola egingo ote zuen, nola jokatuko ote zuen asunto batean, eta batzuetan pentsatzen dut ea nolabait ez ote dagoen hementxe, gure artean. Jakina, irudipen edo ilusio bat besterik ez da, baina guri, gizaki errukarrioi, ez dagokigu misterio hori argitzea, baldin eta misteriorik badago. Baina zer axola dio? Batzuetan akordaldia izaten dut eta iruditzen zait hemen gure artean dagoela eta horrek goxo eta ondo sentiarazten nau. Oraintxe bertan, bera oroitzen ari naizen honetan, ondo sentitzen naiz.

Xebas ezagutu edo berarekin harremana izan zuen bakoitzak ditu bere oroitzapenak eta bizipenak, eta zer esanik ez Itziarrek, bizitza erraietaraino berarekin partekatu zuenak. Bakoitzak ditugu geure bizipenak eta burura (eta kalera) ekarri behar ditugu sarri-sarri, eta, horrela, denon artean Xebas hemen gurekin izango da. Ez fisikoki, baina bai irudikatzea ez dagokigun moduren batean.

Abenduaren 15 batean joan zen. Agurtu genuen, euri zaparrada artean eta destenple izugarria geratu zitzaigun barruan. Mundua gainera erori zitzaigun. Eta gu hemen gaude eta bera falta.

Azken hilabete haiek
gure bizitza egutegien muga hertsietara zihoanean,
irautearen keinu lehiatsuak
ohiko etxean, ohiko pasadizoetan,
itzalak, laztanak eta oroigarriak
denboraren altxorra galtzear denean,
argudioak, ahotsak laztankiro tolestuak
goizalbari apalki egun bat gehiago eskatuz,
halabeharraren jainkoen errukira
gure izpirituak gomendatuz,
pena hura, ikara ezagunak
bidaia baten ibilgune beti arrotzetan,
baina duintasuna bazen oraindik
gudari erorientzat
laztan maitekorrek
gatazka galduetara errukia zekartenean,
horrela ezkutatu zinen aldarririk gabe
eta isiltasun handia erori zen
neguko belaze elurtuetara,
begira nago geroztik abenduen etorrera
umeek jaiotzaren argiak piztu ditzaten,
in manus tuas Domine…

(Xabier Lete. Egunsentiaren esku izoztuak)

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide