325. Animalien humanizazioa

Ramon Izeta Arozena, 1915ean argitaratutako “Album descriptivo de Guipuzcoa”-ko argazkiaren arabera, gizon sendoa dugu, mozkotea, txapel ñimiño bat duena, eta eskuak aske, gerriko pistola imajinario parea ateratzera joango balitz bezala.
Ramon Izeta gizon zaildua dugu herriko eginkizun instituzionaletan: zinegotzi, epaile, alkate…
Ramon Izeta herriko alkate dugu 1920ko hamarkadan, eta pragmatikotasuna erabili beharko du garai hartan mahai gainera joango zaizkion hainbat kontutan, urrutira joan gabe, irakurleak danbolin aldizkariko hil honetako alean ikusiko dituen dantza kontuetan eta abarretan.

Ramon Izetak, azkenik, animalien aurkako tratu txarrak debekatzen dituen lehenbizikoetako udal-bandoa sinatuko du 1925ean. Bai, jakina, goitik agindutako bandoa, baina Pandoraren kutxa irekiko duena (Pandoraren kutxa irekitzeak esan nahi du ekintza itxuraz txiki edo bitxi bat, baina arazo, zoritxar edo ustekabeko gatazkak sortuko dituena, kontrolatzen zailak direnak). Ramon Izetaren udal-bando hartan abiatuta, berehala ikusiko dugun bezala, oso urruti joango gara. Batzuen ustez eboluzioa, eta besteentzat degenerazioa izango dena. Edo biak.

Sarrera gisa, Jose Manuel Etxaniz eta beste ikerlari batzuk idatzitako “Animali eta landareak babesteko elkarteak Espainian. Legeria (1883 – 1976)” izeneko artikulua aipatuko dugu, bai eta gai hauen inguruan Etxaniz berak zenbait egunkaritan egindako hausnarketak ere. Etxaniz Makazaga albaitaria da, eta guretzat ezaguna aspalditik: Iraurgi Lantzen eskualdeko agentziaren lehen gerentea izan zen, eta, batez ere, gure herriko zekorketetan ohiko ikuslea dugu.

Etxanizek-eta diotenez, 1925eko urtearen amaieran, Alfontso XIII.aren erregealdian, Primo de Riveraren diktadura betean, Ingalaterran inspiratuta, etxeko animaliak eta landare erabilgarriak babestea agindu zen estatu osoan, eta, ondorioz, animalien babesarekin zerikusia zuten xedapen ugari argitaratu ziren. Ez da hau xedapen horiek denak hemen aletzeko tokia, baina jakin-mina daukanak lehen aipatu artikulu laburrera jo besterik ez du.

Kontua da 1925eko martxoaren 23ko datarekin, Ramon Izeta Zestoako alkateak bando bat argitaratu zuela, Gipuzkoako gobernadore zibilak 1925eko otsailaren 28ko zirkularrean agindutakoa aditzera emanez (“xedapen horren ezjakintasuna inork alega ez dezan argitaratzen da”):

1. Erabat debekatuta dago zama-animaliei tratu txarrak ematea, zigor desegokiak ezarrita, berezkoa duten baino indar handiagoa lortzeko edo animaliek tiratutako ibilgailuetan gehiegizko pisuak garraiatzera behartzeko. Xedapen hau modu eraginkorrean betetzeko, probintziako alkate guztiek zortzi eguneko epe luzaezinean finkatuko dituzte beren mugapeetan erabiltzen diren ibilgailuetan garraiatu daitezkeen gehieneko karga-pisuak. [Zestoako Udalak hiru mila kilora mugatu zuen gehienezko zama].

2. Era berean, debekatuta dago txoriei kalte egitea eta haien habiak, arrautzekin edo kumeekin, suntsitzea, eta erabat baztertu behar da zenbait lekutan dagoen ohitura kanarioak itsutzeko gauez kanta dezaten.

3. Tokiko agintariek ukuiluak ahalik eta gehien garbitzea eskatuko dute, eta gaixorik dauden animaliak isolatzera behartuko dituzte, gaitza zabal ez dadin.

4. 1924ko martxoaren 12ko Errege Aginduan jasotako erabateko debekua gogorarazten da, hau da, behi-aziendak gidatzerakoan akuilu edo eztenak ez erabiltzeko.

5. Oro har, debekatuta dago etxeko animaliei ankerkeria dakarkien ekintza oro.

6. Arau-hausleak gobernu honi salatuko zaizkio, dagokion gobernu-zuzenketa egin dezan; zuzenketa hori ez da, inola ere, 50 pezetako isuna baino txikiagoa izango”.

Badira, garai haietan, debeku gehiago ere, esate baterako, animaliei suzko markak egitea, txakurrekin beste animalia batzuk hiltzeko lehiaketak, piztien arteko borrokak, oilar-jokoak, zintzilika jarritako hegaztiei lepoa mozte edo etete festak… Ez dakigu debekatuen artean ote zeuden ahari-jokoak edo idi-probak eta, jakina, zekorketak (jakina, ezetz!) baina esango nuke normal jarraitu zutela.

Adituek diotenez, borondate onenarekin edo idealismo dosi handiarekin egindako araudiak izan ziren haiek, eta bistan da eragin urria izan zutela, hamarkada franko pasa eta gero ere jarraitu egiten zuten-eta debekatutako festa eta portaera haiek.
Nolanahi ere, Ramon Izeta alkateak agindutako bando hartaz aparte egin ziren gauza gehiago ere: esate baterako, 1929an sortu zuen Zestoako udalak Animalien eta Landareen Babeserako Batzordea. Hark idatzitako memoria laburrean, heziketa azpimarratzen da batez ere. Ez da abiapuntu txarra. Ikusten da hasiera bat besterik ez zela, artean oso oinarri-oinarrizko zereginak zituela batzordeak, ikuspegi nahiko paternalista zuela ere esan daiteke, baina ezereza baino zerbait gehiago zen.

Ikus dezagun itzulpena: “[Batzordearen] zeregina izan da animaliak eta landareak zaindu eta babestea, bereziki txori txikiak, horiek izaten dira-eta umeek gehien erasotzen dituztenak. Izan ere, umeak, beren xalotasunagatik, ez baitira jabetzen jolas pixka bat tarteko, txori gaixoak sufritu egiten duela. Horrela bada, lehen lana izan da umetxoei irakastea txoriei, askatasuna kenduz gero, eragiten zaien sufrimendua. Zentzu horretan, batzordeko idazkariak (maisua) lan handia egin du, nola eskola-umeekin hala beren lagunekin, animalia eta landareekiko maitasuna izan dezaten irakatsiz. Kanpaina honen bitartez lortu diren fruituak nabarmen ikusten dira, ume txikiek ez dituzte-eta, jada, txori-habiak puskatzen ezta orain arte bezala txoriei erasotzen ere. Jakina, salbuespen batzuk badaude, eta urtetik urtera zuzentzen joan beharko dira”.

Dena bezala, ordea, eztabaidagarria da ekimen haiek, eta gerora etorriko zirenak, hobera edo okerrera eraman gaituzten. Eboluzioa edo degenerazioa aipatzen ditu Etxanizek: “Eta eboluzio/degenerazio horrek – ezabatu interesatzen ez zaiguna –animalien humanizaziora eraman gaitu, zenbat erru duen Walt Disneyk!, eta animalien ongizatean oinarritutako erokeria batzuk egitera” dio (Noticias de Gipuzkoa, 2024-04-21). Adibidez, “kaleko katuak altxor publikoaren kontura harrapatzeko, esterilizatzeko eta askatzeko CES programak” aipatzen ditu. Ez naiz ni programa horiek baloratzera sartuko.
Baina “animalien humanizazioa” kontzeptuak ematen dit zer pentsatua. Txakurrari pertsonei bezala hitz egiten dieten jabe horiek (“Aizu, esan dizut hori ez dela egin behar! Ai, politta, zer sinpatika zaren!”) atzerakoa eta dena ematen didate. Gure etxeetan ere, baserrietan esan nahi dut, maitatuak izan dira txakurrak –eta zer esanik ez ehiza-txakurrak– baina kasu gehienetan, txakurra bere tokian egoten zen eta ez sukaldean edo egongelako sofan, eta, nik dakidala, ez zitzaien orain bezala (umeei moduan) hitz egiten.

Bueno, eztabaida luze joango litzateke eta ez da hau lekua. Hemen bakarrik gogora ekarri nahi nuen, garai bateko alkate eta maisu haiek, lehenengo hazia jarri zutela animalien babesaren alde, eta hazi haiei esker jaio zirela denborarekin gero eta landare gehiago. Bi aipatzerakoan, 1975ean, Peter Singer filosofo australiarrak “Animal Liberation” liburua argitaratu zuen, eta askoren ustez, XX. mendean etika praktikoaren eremuan eragin handiena izan duen lanetako bat da. Eta aipatutako argitalpenetik hiru urte eskasera, Londresen Animalien Eskubideen Deklarazio Unibertsala idatzi zen, UNESCO eta NBE bezalako erakundeek bere gain hartu zutena.

Pellegrino Matarazzok esaten duen bezala, “poliki-poliki”, baina helburu argiarekin. Denborak esango du.

Fernando Arzallus

Argazkia: katu bat Zubimusiko ekarpen gune inguruan (2018-08-05)




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide