Martxoa 2026
— 2026-03-27Irakurri 280. zenbakia hemen.

Zestoa etxebizitza merkatu tentsionatuko gune izendatzea jada ofiziala da, gaur, astelehena argitaratu dute ebazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE), eta neurriak bihartik aurrera, apirilaren 28tik, sartuko dira indarrean.
Gaur goizean egin dute aurkezpen ofiziala, Denis Itxaso sailburua eta Mikel Arregi alkatea bertan zirela, aldi berean izendatuak izan diren Arrasate eta Pasaiako ordezkariekin batera.
Aurkezpenean eman dituzten datuen arabera, Zestoan, biztanleriaren hazkundea eta etxebizitza eskaintzaren arteko desoreka da giltza. Azken urteetan herriko biztanleria nabarmen handitu da (%22,6), baina etxebizitza-parkea ez da erritmo berean hazi. Gaur egun 1.859 etxebizitza daude, eta etxebizitza babestuak %2,5 besterik ez dira.
Alokairurako eskaria nagusi da, 314 eskaeretatik %71,6 alokairurako dira, eta gazteek pisu handia dute. Aldi berean, etxebizitzen %20,6 hutsik daude, eta horrek, Udalaren ustez, aukera ematen du merkatura gehiago ateratzeko.
Mikel Arregik azaldu duenez, herriaren egiturak ere badu eragina: “Zestoa demografikoki oso sakabanatuta dagoen herria da, auzo ugari ditu (Arroabea, Arroagoia, Aizarna…), eta horietako gehienetan, bizitegi-eskaintzarik ez dagoenez, hirigune nagusia are gehiago tentsionatzen da”.
Udalak etxebizitza babestuak handitzea jarri du lehentasun gisa, batez ere alokairu sozialera bideratuta. Arroabeako Rezola eremua berraktibatzea aurreikusten dute —35 etxebizitza egiteko aukerarekin— eta udal lurretan beste hainbat sustapen ere bai. Arregiren hitzetan, “guztira 57 etxebizitza berri sortzeko aukeraz ari gara”.
Bestalde, etxebizitza hutsak aktibatzeko neurriak ere martxan jarriko dituzte, kanon bat ezartzeko aukerarekin, eta Bizigune bezalako programak indartuko dituzte. Gazteentzako laguntzak ere badira: Gaztelagun programak 36 espediente izan ditu Zestoan.
Eremu tentsionatu izendatzeak alokairu prezioetan esku hartzeko aukera emango du hemendik aurrera: kontratu berrietan errentak mugatu ahal izango dira, erreferentzia-indize ofizialak aplikatuta, eta kasu batzuetan kontratuen luzapen bereziak ere ezarri ahal izango dira. Helburua da prezioen igoera kontrolatzea, merkatua pixkanaka egonkortzea eta maizterrak babestea, bereziki edukitzaile handien aurrean.
“Zestoak bizitegi-presio handia du bere kokapenagatik, Urola Erdira kostaldetik sartzeko atea baita, eta horrek are gehiago tentsionatzen du herrigunea eskaintza-faltaren aurrean”, adierazi du Arregik. Gainera, ohartarazi du “irtenbiderik gabe, gazteek alde egin beharko dutela, eta horrek herria zahartzea ekarriko duela”.