326. Mitxoletak

Egun hauetan, etxetik kalera natorren bakoitzean, irudi bat ikusten dut eta umetako oroitzapenak ekartzen dizkit.
Arozena aldeko kaleak (Gesalaga) eta errepideak elkarrekin topo egiten duten tokian, bi mitxoleta edo amapola tortoka daude, onen-onenean. Gorriz lehertzen, beren zurtoinen hauskortasuna nabarmen ageri delarik, inolako babesik ez daukatelako.
Izan berria naiz eta ezagutu berria dut Oiartzungo Lur Garden lorategia (zer igande goiz zoragarria pasa nuen han nire lagun min batekin duela pare bat igande!). Han esan zigutenez, mitxoleta mordo bat dauzkate hainbat bazterretan baina euriaren euriz hondatu egin zaizkie denak. Gurean, ordea, eder-ederrak daude.

Esan dut umetako oroitzapenak datozkidala eta azaldu behar dizuet zer esan nahi dudan. Mitxoleta ugari ikusitakoa naiz Gaztelan, Salamanca aldeko galsoroetan, baina ez Akoan jaiotzen zirenak baino politagoak. Ganaduarentzat bazka ereiten zen soroetan, batez ere oloa edo ailorbea egiten zen soroetan, han ateratzen ziren mitxoletak. Duela 50 urteko kontuez ari naiz. Ez zen gureetan barra-barra, nonahi, ateratzen zen landarea baizik-eta nonean-nonean, eta horregatik, nola bixi-bixi nabarmentzen zen, egiten zitzaigun hain bitxia. Gaur ez da mitxoletarik Zestoako soroetan eta horrexegatik poza hartzen dut estanpa zoragarri horren aurretik pasatzen naizen bakoitzean.

Nire gozamen sentsualari jakinduria botanikoko pixka bat erantsi nahian, Jakoba Errekondoren artikulu labur bat aurkitu dut Argian (“Mitxoleta bixi-bixiak”, 2016-06-15). “Papaver rhoeas” omen du izen botanikoa gure mitxoletak, eta feniziarrek, grekoek eta erromatarrek Mediterraneoan barrena laboreak ekarri zituztenean (duela bi mila urte pasako kontuak), hazi haien tartean ekarri omen zituzten soroetako beste landareen haziak ere, nahasian; batez ere, mitxoletarena bezala ia ikusezinak zirenak.
Laboreen aldean, azkar loratu eta hazia ematen omen du mitxoletak, eta oloak, gariak, ailorbeak eta horrelakoak biltzeko moduan daudenerako, mitxoletak milaka hazi sakabanatu ditu. Mokofina izan behar du gure protagonistak; lur landuak atsegin ditu, mugituak: “Zalaparta eta iskanbila non, han etorriko da, agudo asko! Hondeaitzurra edo goldea edo pikatxoia non dantzatu den, han, lur harrotuan etorriko da, bixi-bixi. (…) Hiru toki izaten ditu ondo bereak mitxoletak: labore soroak, eraikuntzen hondakinak edo erorkinak eta bide bazterrak. Beti gure atzetik hedatu izan da. Bideak ireki, lurrak irauli, eraikuntzak altxa, hondakinak baztertu… Han dago zain”.

Errepideko obren, delako bulebarizatze lanen, ondorioz atera dira Arozenako lore eder hauek. Zabaldu zuten hazia bazterretan bide-langileek, eta mitxoleta ere, hantxe tartean. Amorratua izaten da horrelako hazietan barrabasa ere, baina alde ederra dago berde-kamuflaje hori ikusi edo gorri irtirin zoragarri hori. Oihal gorri-gorri garden bat bailitzan, beti apurtzeko zorian dirudien zurtoin luze horretan itsatsia, opari liluragarria hortik pasatzen garen izaki sentiberontzat. Bizitza luzea opa diet, bai alajaina!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide