Maiatza 2026
— 2026-06-03Irakurri 282. zenbakia hemen.

Abantzu pilota klubak egun borobila bizi izan du gaur goizean Zestoako udal pilotalekuan. Euskal Herriko Banakako Klub Arteko Txapelketako finalak etxean jokatu dira, eta bertako bi pilotariek, Julen Urrestillak eta Aritz Olaizolak, txapela janztea lortu dute.
Goizeko 11:00etan hasi da final jaialdia, eta eguerdira arte luzatu da. Eguneko lehen finala Julen Urrestillak jokatu du, kadete mailan, Bide Bietako Ander Oriberen aurka. Lehen seta galdu (4-10) arren, partida irauli eta hurrengo biak irabazi ditu (10-3 eta 5-2), 2-1eko emaitzarekin txapela eskuratuz.
Hirugarren partiduan, berriz, Aritz Olaizolak 22 urtez azpiko mailako finala jokatu du Buruzgain B taldeko Oier Zabaleta Garciaren aurka. Hark ere lehen seta galdu du (5-10), baina bigarrenean estu nagusitu da (10-9) eta azken setean agintaritza erakutsi du (5-2), beste 2-1eko garaipen batekin Euskal Herriko txapela bereganatuz.
Beste bi finaletan ere txapeldunak erabaki dira. Gazteen mailan, Tolosa C.F. B taldeko Aimar Etxeberriak 2-0 irabazi dio Txukun Lakua taldeko Eneko Motori (10-2 eta 10-9). Nagusien mailako finalean, berriz, Kurene klubeko Unai Ramirezek 2-0 menderatu du Txukun Lakua taldeko Asier Del Campo (10-8 eta 10-0).
Goiz osoan zehar giro aparta izan da udal pilotalekuan. Herritar ugari joan dira finalak bertatik bertara ikustera, eta harmailetan etengabeko joan-etorria izan da, pilotariak animatzen eta tanto ikusgarrienak txaloz saritzen.


























