Albisteak

Kartoizko altzarien ikastarokoek urte osoko lanak erakutsi dituzte

Beste urte batez, egindako lanen erakusketarekin eman diote amaiera kartoizko altzarien ikastaroari. Astero-astero talde jendetsua elkartzen da Alonderon, kartoi zaharrari bigarren bizitza emateko. Ideiak partekatu, teknikak ikasi eta sormena landuz, itxuraz hauskorra dirudien materiala artisau pieza ikusgarri bihurtu dute beste behin.

Aurtengo erakusketan askotariko lanak izan dira ikusgai: dekorazio piezak, altzari praktikoak, lanparak eta kartoitik sortutako bestelako objektuak. Pieza guztiak taldeko kideen irudimenaren eta urte osoan egindako lanaren emaitza dira; kartoia eraiki, apaindu eta bernizatuz amaitutako lan zainduak.

Erakusketaren azken uneetan ikastaroko hainbat kide bertan elkartu ziren, eta urte osoan zehar sortutako giro atsegina nabarmen sumatzen zen. Izan ere, astez aste ordu ugari partekatzen dituzte elkarrekin, eskulanak egiteaz gain esperientziak eta ideiak trukatuz. Erakusketak, beraz, egindako lanak ez ezik, ikastaroaren atzean dagoen talde giroa ere agerian utzi zuen.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide