Albisteak

Aizarnako Amabirjinak hilaren 14an hasiko dira

Abuztuaren 14an hasi eta 17ra bitartean ospatuko dituzte aurtengo Amabirjinak Aizarnan. Lau eguneko egitarauan adin guztientzako ekintzak izango dira: txupinazoa, herri afaria, pilota partidak, herri kirolak, umeentzako jarduerak eta gaueko musika emanaldiak, besteak beste.

Jaiei hasiera ostiralean emango diete, 18:00etako txupinazoarekin. Ondoren, herriko gazteek karropoteoa egingo dute, eta gauean herri afaria, Obaneuke taldearen emanaldia eta DJ Patx izango dira.

Larunbatean, Meza Nagusiaren ondoren jubilatuen hamaiketakoa egingo dute, eta eguerdian pilota partidak jokatuko dira. Arratsaldean, Aizarna eta Aizarnazabalen arteko herri kirolen lehia izango da, Bost Axolaren saioarekin jarraitzeko. Eguna bingoarekin eta DJaren musikarekin amaituko da.

Igandean, oilasko biltzaileak izango dira protagonista. Goizean oilasko bilketari ekingo diote, eguerdian umeen krosa egingo da, eta bazkalaurretik oilasko biltzaileen aurreskua eskainiko dute plazan. Ondoren paellada izango da, eta gauean Laket taldeak eta DJ Costmixek jarriko diote amaiera egunari.

Azken egunean, astelehenean, haurrek izango dute protagonismoa. Goizean Kalakaren zurezko plaza-jokoak izango dira, ondoren umeen bazkaria egingo dute, arratsaldean ginkana antolatu dute eta jaiei amaiera emateko DJ Ostoren saioa izango da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide