Albisteak

Amillubiko Udaberri Festarako azken prestaketetan murgilduta dira

Larunbatean, maiatzak 16, ospatuko dute Amillubiko 3. Udaberri Festa. Antolatzaileek denboraz iragarri dute hitzordua, mimo handiz azaldu dute egun osorako prestatu duten egitaraua, eta azken egunetan prestaketa lanetan nola ari diren ere erakutsi dute.

Goizean hitzaldiak izango dituzte, ondoren bazkaria egingo dute, eta arratsalderako ikuskizunez beteriko egitaraua prestatu dute. Gainera, adin guztietara zuzendutako festa izango dela azpimarratu dute; izan ere, haurrentzako zaintza zerbitzua eta tailerrak ere antolatu dituzte.

Eguraldia ere kontuan izan dute antolatzaileek, eta eguraldi txarrari aurre egiteko prest daudela jakinarazi dute. Hala ere, bertaratuko direnei prest etortzeko gomendioa egin diete. Festarako sarrerak salgai daude esteka honetan.

Goizeko hitzaldiak

Iaz izandako esperientziari jarraipena emanez, aurten ere bi mahai-inguru antolatu dituzte, hausnarketarako, ikaskuntzarako eta sareak ehuntzeko gune izan daitezen.

10:00etan hasiko dute lehen saioa, Ametsak lurra hartzen dutenean izenburupean. Bertan, Lakabe, Ametxe eta Aginaga Biziberritzen proiektuetako kideek hartuko dute parte, komunitatea, bizikidetza eta antolaketa kolektiboa ardatz hartuta.

12:00etan egingo dute bigarren mahai-ingurua, Lur bizia, herri bizia izenekoa. Agroekologia, elikadura burujabetza eta ekoizpen kolektiboak izango dituzte hizpide, Aleka, Errigora eta Etartie egitasmoetako ordezkariekin batera.

Arratsaldeko egitaraua:

Arratsaldeko kultur egitarauak ere izango du protagonismo handia Amillubiko 3. Udaberri Festan. Bazkalostean hasiko dira emanaldiak, eta poesia, bertsoak, musika eta festa giroa uztartuko dituzte gauera arte.

16:00etan emango diote hasiera arratsaldeko programari, PObrESIAK ikuskizunarekin. Aimar Uribesalgok poesia garaikidea eta ukitu ironikoz betea eskainiko du, “hitz esana” deitzen duen formatuan: musikarik eta eszenografia handirik gabe, baina gordin eta gertutik.

Ondoren, Manex eta Eli Pagolak bertso saio elektronikoa eskainiko dute. Reggaetona, cumbia, popa edo baladak bertso bihurtuko dituzte, musika elektronikoaren eta ahots efektuen bidez bertso-doinu berriak sortuz.

Musikak eta dantzak hartuko dute lekukoa gero. Babarrunba taldeak euskal kanta herrikoiak rumba erritmoan interpretatuko ditu, eta giro beroa sortzea izango dute helburu. Segidan, Berba Labanakaz taldearen txanda izango da; punk jarrera eta zaintza uztartzen dituen proposamena eramango dute Amillubira.

Festari amaiera emateko, Ainhoa eta Goraneren DJ saioa izango da. Rocketik elektronikara, souletik funkera, askotariko erritmoekin girotuko dute gaua.

Txikienentzako ere izango da eskaintza. Hazietxezirkus proiektuaren eskutik, zirko tailerra egingo dute 16:00etan. Slack-line mundutik datozen kideek gidatuko dute saioa, haurrei zirko teknikak eta jolasak gerturatzeko asmoz.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide