Apirila 2026
— 2026-05-04Irakurri 281. zenbakia hemen.

Euskararen Loraila zikloko bigarren saioa egin zuten astearte arratsaldean Alonderon. Euskal Herrian Euskaraz taldeko Intza Gurrutxaga izan zen hizlaria, eta euskararen aldeko mugimenduaren bilakaeraz nahiz gaur egungo erronkez aritu zen. Hasieran azpimarratu zuenez, 60ko hamarkadan euskarak bizi izan zuen pizkundea gaur egun ere berriro sor daiteke, baina horretarako lanean jarraitzea ezinbestekoa dela nabarmendu zuen. Izan ere, euskalgintza lasaitzen den bakoitzean atzera pausoak emateko arriskua dagoela ohartarazi zuen.
Dinamika parte-hartzaile baten bidez, Euskal Herrian Euskaraz elkartearen bilakaera eta gaur egungo irakurketa azaldu zituen Gurrutxagak. 1979an sortutako mugimenduak 2021ean barne hausnarketa sakona egin zuela azaldu zuen, eta ordutik “gaztetuta, indarberrituta eta lan lerro zehatzekin” berrantolatu dela. Elkarteak bere burua eragile independentista eta autonomotzat aurkezten duela ere adierazi zuen, burujabetza ekonomikoa eta politikoa aldarrikatuz.
Saioan zehar, egun dituzten sei lan lerro nagusiak ere aurkeztu zituen: euskara agenda politiko eta sozialean kokatzea, tokian tokiko borrokak aktibatzea, gazteak euskararen aldeko borrokara batzea, euskararen aurkako erasoei erantzutea, intersekzionalitatea lantzea eta euskalgintzaren baitan itun sozial berri baten alde egitea.
Hizlariaren arabera, euskararen borroka “politizatu” egin behar da, baina alderdi politikoei lotu gabe. Era berean, intersekzionalitatearen ikuspegitik jardutearen garrantzia azpimarratu zuen, beste zapalkuntza sistemekin batera euskararen zapalkuntza ere egiturazkoa dela nabarmen utziz. Ohartarazi zuen euskararen auzia “bigarren mailako zapalkuntza” gisa ulertzeko arriskua dagoela, eta horrek hizkuntzaren normalizazioan atzerapausoak ekar ditzakeela.
Euskal Herrian Euskarazek euskal errepublikaren aldeko apustua ere berretsi zuen saioan. Gurrutxagaren esanetan, euskararen normalizazioa benetan bermatuko duen tresna euskal estatu propioa izango litzateke. Txillardegiren hitzetan hizkuntzaren aldeko borroka burujabetzaren aldeko aldarrikapenarekin lotu zuen: Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; baina estaturik gabe, ziur ezetz.
Oldarraldiaren testuingurua ere izan zuten hizpide. Gurrutxagaren esanetan, azken urteetako oldarraldi juridiko eta politikoek kalte egin diote euskararen normalizazio prozesuari, eta administrazioaren zein legeen eremuan sortutako oztopoak salatu zituen. Horren aurrean, desobedientzia eta ekintza zuzena tresna gisa ulertzen dituztela azaldu zuen: “Euskaldunen eskubideak urratzen dituzten legeei ez diegu obedientziarik zor”, adierazi zuen.
Halaber, aliantzak ehuntzearen garrantzia azpimarratu zuen, zapalkuntza ardatz ezberdinen aurrean “orma kolektibo bat” eraikitzeko beharra aldarrikatuz. Euskararen aldeko borroka tokian tokiko dinamiketatik eta komunitate antolaketatik indartu behar dela defendatu zuen saioan zehar.
Euskararen aldeko hurrengo hitzorduak:
Saioaren amaieran, Euskararen Lorailako hurrengo hitzorduak ere gogorarazi zituzten. Datorren asteartean, maiatzaren 19an, Gorrotokrazia izeneko solasaldia egingo dute 18:30ean Alonderon. Horrez gain, AEKk antolatutako Mintzodromorako deia ere luzatu zuten; ekimena maiatzaren 21ean izango da, ostegunez, 18:30ean Laranjadi plazan. Azkenik, ekainaren 13an Iruñean egingo den Euskaraz bizitzeko pizkundea ekitaldian parte hartzera animatu zituzten herritarrak.