Albisteak

Antolatzaileen balorazio positiboarekin amaituko du ikasturtea Paperezkoak egitasmoak

2 eta 5 urte bitarteko haurrei zuzendutako Paperezkoak egitasmoaren ikasturteko azken saioa egingo dute larunbatean, ekainaren 20an, 11:30ean, Liburutegian. Parte hartu nahi dutenek asteazkenera arte, ekainaren 17ra arte, izango dute izena emateko aukera.

2025eko apirilean abiatu zuten egitasmoa herrian, eta ordutik hileko azken larunbatean egin izan dituzte saioak. Antolatzaileen arabera, orain arteko balorazioa oso positiboa da. Normalean 15-16 haur eta guraso inguru elkartzen dira saio bakoitzean, eta parte-hartzea 20 lagunera mugatuta dagoen arren, ez da ia inoiz inor kanpoan geratu. Muga hori saioaren gertutasuna eta giro goxoa bermatzeko ezarri zuten.

Saio guztiak musikarekin hasten dituzte. Ipuinari lotutako doinuek eta soinuek haurrei entzun behar duten istorioaren inguruko pistak ematen dizkiete. Ondoren, 10-15 minutuko ipuin kontaketa egiten dute, eta jarraian, kontakizunarekin lotutako eskulan bat lantzen dute. Gainera, saio bakoitzaren amaieran jasotako liburuen zozketa egiten dute bertaratutakoen artean.

Paperezkoak Zarauzko Garoa Liburu-dendak sustatutako egitasmoa da, irakurzaletasuna txikitatik lantzea helburu duena. Antolatzaileen ustez, haurrei irakurketa eta euskarazko kultura modu erakargarri eta atseginean hurbiltzea ezinbestekoa da.

Liburutegian bertan, adin handiagoko haurrentzat, “Kontaidazu ipuin bat” egitasmoa ere martxan dago. Antolatzaileen esanetan, Paperezkoak saioetan parte hartzen duten haurrek gero erosoago eta konfiantza handiagoz hartzen dute parte hurrengo adin tartera zuzendutako saioetan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide