Maiatza 2026
— 2026-06-03Irakurri 282. zenbakia hemen.

Zuk esaten duzun bezala, Jone, gure etxean ere presente izan da kirola betidanik. Sanjoseetako herri lasterketan, senarra antolakuntzan ibiltzen zen, eta alabak eta ni urtero atera izan gara saltaka. Galdetzen didazu ea nola izan zen nire lehen hartu-emana atletismoarekin.
Gaztetan, tarteka mendira joaten ginen lagun kuadrillarekin. Hori zen gure kirola. Berrogei urteak hurreratzen ari zirela eta alabak koskortzen hasi zirenean, gimnasian hasi nintzen, kiroldegian, Antxelmo Astiazaranekin. Garai hartan, oso emakume gutxik egiten zuen kirola, eta herrian ez zen gure belaunaldiko emakume korrikalaririk. Sanjoseetako lasterketa hurreratzen ari zela, animatu egin gintuzten parte hartzera: 26 bat emakume atera ginen senior mailan (gordeta daukat zerrenda). Galtza motzetan jartzeak ere lotsa ematen zigun. XII. lasterketa zen, orain dela 34 urte, eta bukatu genuenean, egundoko emozioa sentitu genuen.
Handik aurrera, Luisa Pérezek eta biok jarraitu genuen entrenatzen. Futbol zelai zaharrean egiten genituen gure lehen saioak, Iñaki Irureta eta nire senarra gidari genituela.
1993an, Iñakik proposatu zigun Luisari eta bioi Atletismoko Espainiako Txapelketan parte hartzeko, pistan. Hirurok joan ginen. Harrezkero, hainbatetan izan gara bai Espainiako txapelketetan bai mundukoetan (Lyonen, besteak beste). Pistaz gain, herri lasterketak eta krosa ere egiten genituen, eta senarrak esaten zidan “munduko onenak” ginela, hiru modalitateak egiten genituelako.
Bestalde, hamaika txoko ezagutu genituen lasterketak aitzakia hartuta. Eta, jakina, lagun asko ere egin genituen, toki askotakoak. Oraindik ere jarraitzen dugu harremanetan, hango eta hemengo beteranoekin.
Gaur egun, zale asko ikusten da bazterretan korrika; haurrak, gazteak, helduak. Herrian ere bai. Orain dela bizpahiru urte, sanjoseetako krosean hain zuzen, gazte bat hurreratu zitzaidan Bentapeligro parean, alai eta berritsu, eta bidelagun izan nuen zati batean. Ez da ohikoa gazteak halako aldarte onean hurreratzea, eta benetan eskertu nion: Asier Zulaika, ikusi izan zaitut gaztetxoak entrenatzen, eta, beraz, nola ikusten duzu Zestoako atletismoaren etorkizuna?
Arantxa Zigaran