Albisteak

Uztailerako kultur uzta ekarriko du Portalek

Kontzertuak eta argazkilaritza tailerra izango dira uztailean Portale Kultur Elkarteak antolatutako egitarauaren barruan.

Uztaila askotan oporraldiarekin eta jarduera gutxiagorekin lotzen bada ere, Portalek kontrako bidea hartu du aurten. “Uzta Hila” izeneko programazioa aurkeztu du, eta izenak iradoki dezakeenaren aurka, kultur ekintzez betetako hilabetea prestatu dute. Guztira, hiru kontzertu eta argazkilaritza tailer bat antolatu dituzte uztailerako.

Lehen hitzordua uztailaren 3an izango da, ostiralarekin. 19:30ean, D’Capricho taldeak Kubako eta Euskal Herriko doinuak uztartuko ditu Portalen.

Uztailaren 11n, larunbatez, Nagore Legarreta argazkilariarekin argazkilaritza saioa egingo dute. Parte-hartzaileek kamera estenopeiko bat eraikiko dute lehenik, eta ondoren ibai inguruan ateratako irudiak errebelatuko dituzte. Tailerra 09:30etik 13:30era izango da.

Musikak jarraipena izango du uztailaren 17an. 19:30ean, Gartxot eta Garazi bikote formatuan kontzertua eskainiko du, Euskal Herriko errepertorioan oinarritutako emanaldiarekin.

Hilabeteko azken hitzordua uztailaren 24an izango da. 20:00etan, Bidelapurrak taldeak joko du Portaleko terrazan.

Uztailak 3, ostirala

19:30 D’Capricho

Uztailak 11, larunbata

09:30-13:30 Argazkilaritza saioa, Nagore Legarreta argazkilariarekin.

Uztailak 17, ostirala

19:30 Gartxot & Garazi

Uztailak 24, ostirala

20:00 Bidelapurrak




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide