Albisteak

Aranzadirekin egindako bi urterako lankidetza hitzarmena aurkeztu dute Jabi Buces ikerlariak eta Mikel Arregik alkateak

Zestoako Udalak, aurreko legealdian, 1936-1978 urte arteko giza eskubideen urraketa guztien ikerketak egiteko lana hitzartu zuen Aranzadirekin. Nagusiki 1945 urte artekoa jaso zen eta liburukitan argitaratuta dago. Arregiren esanetan, “herri honetan ere gauza asko gertatu zen urte guzti horietan eta bere memoria ezagutzen ez duen herria historia errepikatzera kondenatua dagoenez, ezinbestekoa da zer gertatu zen jakitea”. Gaineratu zuen,  Zestoan badirela, aurrekoei entzun bai, baina ikerketa seriorik egin gabeko pare bat kontu, eta horiek landuko direla 2025-2026 urteotan.

argazkia: Imanol Salegi

Arroabeko langile batailoia

Alde batetik, Arroabean instalatutako langile batailoiari buruzko ikerketa egingo da; 1942ko abuztutik 1944ra bitartean Arroabean presoen destakamentua kokatu zen, zehazki zementu fabrikan. Jabi Buces Aranzadiko ikerlariaren arabera, presoak tranbia-aereoa eraikitzeko erabili zituzten eta estatuak militarizatutako ABC Ferrocarriles y Contruscciones enpresak burutu zuen obra. Bucesek emandako datuen arabera, 1942an gutxi gorabehera 60 preso inguru zituen batailoiak eta hurrengo urtean, 115 preso gutxi gorabehera. “Errepresaliatuen izen abizen guztiak bilatu, zein ziren eta nondik zetozen jakin nahiko genuke” esan zuen Bucesek. “Arroabean bizi ziren arren, beraien senideak inguruko herrietan biziko zirela pentsatzen dugu, Zumaian, Itziarren edo Zestoan, eta udalerri hauek nolabaiteko inplikazioa izango zutela” gaineratu zuen Bucesek. Ondorengoen testigantzak jaso nahiko lituzkete.

Belgikarrak Zestoan

Nagusiki Arroabeko gai hori landuko den arren, bada beste gai bat ere landu nahi dena; nazismotik ihesi, Erresistentzia garaian, hainbat hoteletan atxilotuta egon ziren belgikarrei buruzko ikerketa, alegia. Bigarren Mundu Gerra lehertu zenean Arocena hotelean (orduan Oyarzabal) eta beste hainbatetan, Erresistentziako belgikar asko egon ziren atxilotuta denbora dezentean, tartean gudari asko, eta gai hori ere ikertu nahi da. Bucesen esanetan, informazio historikoa badago eta dibulgazio jarduerak eta erakusketa bat egitea da asmoa gai honen inguruan.

Zestoan egondako iheslari belgikarrak Irure hotel inguruan, 1943 urtean.

Aranzadirekin harremanetan jartzeko bideak

Dagoeneko ikerketa lanak egiten hasita dago Aranzadi, baina uda tarteko, irailetik aurrera egingo dira herritarrei begirakoak, besteak beste, oroimen bulegoak jarriko direla aurreratu zen aurkezpenean. Aranzadiko ikerlariak harremanetarako bideak ere jakinarazi zituen: memoria@aranzadi.eus helbidea eta 943 466 142 telefono zenbakia, hain zuzen ere.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide