Albisteak

[ARGAZKIAK] Aurreneko zekorketa eta “Amparito Roca” izan dira arratsaldean

Eguerdi partean ez ezik, arratsaldean ere ez da jai-girorik falta izan festetako bigarren egunean. Urtero gisa, jaietako lehen zekorketa egin dute gaur arratsaldean zezen plaza bihurtutako herriko plazan, eta jendeak gogotsu hartu du hitzordua. Izan ere, goizean bertan agortu dira sarrera guztiak.

Zestoako Musika Bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejirak iragarri du zekorketa, eta 18:00etan hasi da ikuskizuna. Pedro Gómez Barbón izan da gaurko toreatzailea. Jendez goraino bete da zezen plaza eta bero handia egiten zuenez, abanikoen ufadek giro beroa arintzen lagundu diete askori. Bien bitartean, festa-giro bikaina izan da plazan, herriko bandaren doinuek lagunduta. Antolatzaileen esanetan, “aurten ere arrakastatsua izan da ekitaldia”, eta gustura azaldu dira herritarrek emandako erantzunarekin. Zekorketa amaitutakoan, zezen bolaztatuak atera dira plazara, Lopene Ganadutegiaren eskutik. Ondoren, urteroko ohiturari jarraituz, Amparito Roca pasodoblearen doinuekin jarraitu du festak Erdikalean.

Bihar eta etzi ere egun bete-beteak izango dira zestoarrentzat, festetako programak, behintzat, ez du atsedenerako tarte handirik aurreikusten. Hona eguna bukatzerako eta biharko egitaraua:

Gaur, igandea

21:00. Argizulo dub station, Costmix eta 3re DJak.

Irailak 7, astelehena. Umeen Eguna

11:30. Umeen diana zaratatsua, plazatik hasita. (Ume bakoitzak zarata ateratzeko zerbait eramateko gomendatu dute: kazuela, danbor, turuta, txistu…)
12:00. Txupinazoa.
Ondoren, gaztetxoen dantzaurrea eta zahagi-dantza, Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta. Buruhandi, txistulari eta abarren kalejira.
13:00. Lopene ganadutegiko poniak eta zezentxoak plazan.
14:30. Ume, gaztetxo eta gurasoentzat bazkaria, kiroldegiko aterpean.
15:30. Karaokea, kiroldegiko aterpean.
18:00. Umeentzat tailerrak, frontoi zaharrean.
19:00. Aliritzi erromeria, kiroldegiko aterpean.
22:00. Suzko zezena, plazan.
Ondoren, Sedientos de Cumbia eta Txamakos taldeekin dantzaldia.
Herritarrak txuri gorriz janztera gonbidatu ditu udalak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide