Albisteak

[ARGAZKIAK] Festa giro aparta, Narrondoko sankristobaletan

Narrondoko auzotarrek San Kristobal jaietan murgilduta igaro zuten eguna atzo, larunbata, eguerditik gauera arte. Eguneko lehen ekitaldia, gainera, aurten antolatu dute lehen aldiz. Izan ere, Narrondo eta Arroagoia arteko bidegorria berriki inauguratu dutela aprobetxatuz, Bidegorriko I. Poteoa Bizikletaz egin zuten.

Bazkalostean, ohi bezala, mus eta eskoba txapelketak jokatu zituzten. Eskoba txapelketan, Rosario eta Karmele izan ziren txapeldunak, eta Ion eta Leire sailkatu ziren bigarren. Mus txapelketan, berriz, Jose Miguel eta Rubio nagusitu ziren; Maialen eta Joselo izan ziren bigarren, Amaia eta Joseba hirugarren, eta Aritz eta Arkaitz laugarren.

20:30etik aurrera, sardina jana egin zuten. Jendetza elkartu zen sardinak nahiz saiheskiak dastatzera, eta festa giro bikainak jarraipena izan zuen Elizagoien ahizpen eta Imanol trikitilariaren doinuekin.

Gaur amaituko dira Narrondoko San Kristobal jaiak. Hona hemen gaurko egitaraua.

Gaur, uztailak 12
11:00-14:30. IV. Artisau azoka eta talogileak. Talogileak egun guztian zehar egongo dira.
12:30. Zapotxin pailazoaren Baratxuri zoparen sekretua emanaldia.
Ondoren, bazkaltzeko aukera izango da karpan, bakoitzak bere janaria eramanda. Edariak mostradorean erosi beharko dira.
18:00 Herri kirol erakustaldia. Aizkolariak: Andoni Iruretagoiena “Izeta VI”, Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugerza eta Eneko Otaño. Harri-jasotzaileak: Estefi Etxebeste eta Udane Ostolaza.





Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide