Albisteak

[ARGAZKIAK] Giro aparta “Etxean” liburuaren aurkezpenean

Jendez bete zen atzo Liburutegia “Etxean” liburuaren aurkezpenean. Hitzetik Loratu egitasmoaren baitan antolatutako saioak ohiko aurkezpen formatutik harago jo zuen, izan ere, drag emanaldi baten bidez ekarri zuten liburua publikora.

Dom Campistron marrazkilariaren lana da “Etxean”, Haran Ubel elkarte feministak argitaratua, eta Ael Campistron artistak eman zion bizia oholtza gainean. Liburutegia bera antzeztoki bihurtu zen, eta antzerkia, musika eta kontakizuna uztartuz, liburuaren unibertsoan murgildu zituzten bertaratutako haur zein helduak.

Kanta ezagunak eta kontaketak tarteko, liburuaren istorioaren aurkezpena modu berezi eta hunkigarrian egin zuen Campistronek. Saioak musikaren eta soinuen laguntza izan zuen uneoro, eta amaieran ikusleak ere dantzan jarri zituen, giro alaia sortuz. Ekitaldia umore onean amaitu zen, parte-hartzaileek txalo zaparrada beroarekin eskertuta.

Aurkezpenaren amaieran, proiektuan parte hartu duten hiru ahizpek euren burua aurkeztu zuten, eta bertaratutakoek liburua erosi eta sinatzeko aukera izan zuten.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide