Maiatza 2026
— 2026-06-03Irakurri 282. zenbakia hemen.

Iraetako Trenak elkarteak antolatuta, hamargarrenez Tren Txikien Topaketa ospatzen ari dira gaur Iraetan, eta giro bikaina izan da goiz osoan zehar. Beroari aurre egiteko karpak jarri dituzte antolatzaileek, eta parte-hartzaileek jan-edana eta musika ere izan dituzte egunaz gozatzeko.
Aurten, Espainiako hainbat txokotatik ekarritako 20 tren inguru bildu dira Iraetan. Horietatik lau ikatzarekin funtzionatzen duten lurrun-makinak izan dira, ikusmin berezia piztuz bisitarien artean. Gainera, bisitariek trenetan ibiltzeko aukera ere izan dute, euro baten truke.
Trenzaleek trenak ekartzeaz gain, garaiko jantziak ere soinean eraman dituzte. Horien artean, bisitari baten jantziak arreta berezia erakarri du: Urolako Treneko trenburuaren traje historikoa jantzi du, trenaren mendeurrena dela eta bereziki prestatua.
Aurtengo topaketak omenaldi kutsua ere izan du. Izan ere, duela bi urte zendu zen Enrique Barcenilla Saez gogoan izan dute. Riojan jaioa eta Hernanin bizi izan zen Barcenilla, Iraetako tren elkartearen sortzailea izan zen. Iaz zuhaitz bat landatu zuten haren omenez, eta gaur, haren omenezko plaka jarri dute, alaba gonbidatu berezi gisa bertan zela.
Eguerdian bazkaltzeko etenaldia egingo dute parte-hartzaileek, eta arratsaldean, 16:30etik 19:00etara, bigarren saioari ekingo diote. Urtez urte bezala, zaletu eta bisitari ugari erakartzen dituen hitzordua bihurtu da Iraetako Tren Txikien Topaketa.


























