Uztaila 2026
— 2026-08-25Irakurri 284. zenbakia hemen.

Edadetuen Eguneko bazkariari “Akuluk” eman dio amaiera bertsotan, Jubilatuen Etxean. Entzuleak gustura zeudela eta, saioa luzatu egin da; ondorioz, herri kirolen erakustaldia aurreikusitakoa baino beranduago hasi da.
Euria tarteko, kiroldegiko aterpean egin behar izan dituzte herri kirolak. Hasieran ikusle askorik bildu ez bada ere, arratsaldeak aurrera egin ahala jendetza gerturatu da ikuskizunaz gozatzera.
Harri-jasotzen Irati Osinalde, Udane Ostolaza eta Jon Unanue «Goenatxo» aritu dira; aizkoran, berriz, Ugaitz Mugertza eta Arkaitz Etxebeste. Banaka zein taldeka egin dituzte lanak kirolariek.
19:00etan Izer eta Alabierrekin erromeria hasi da. Ordurako euria atertu badu ere, Udaletxeko aterpean izan da erromeria eta dantzara atera denik ere izan da, eta musikarekin eman diote amaiera Edadetuen Egunari.
Festak datorren asteburuan jarraituko du Zestoan, larunbatean emango zaie hasiera Amabirjinetako txupinazoarekin, eta asteartera arte luzatuko dira.




























