Ekaina 2026
— 2026-07-02Irakurri 283. zenbakia hemen.

Atzo, igandea, amaitu ziren Narrondoko San Kristobal jaiak. Ostiraletik igandera bitartean, askotariko ekintzez gozatzeko aukera izan zuten auzotarrek eta bisitariek, adin guztietarako egitarau zabalari esker.
Azken egunean ere jende ugari gerturatu zen Narrondora. Goizean, artisauen postuak bisitatu eta pailazoen emanaldiaz gozatu zuten bertaratuek. Taloa dastatzeko aukera ere baliatu zuten askok egun osoan zehar.
Arratsaldean, urteroko legez, herri kirol erakustaldia izan zen protagonista nagusia. Beroak bero, ikusle ugari elkartu zen aizkolari eta harri-jasotzaileen lana gertutik ikustera. Aizkora lanetan Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugerza eta Eneko Otaño aritu ziren; harri-jasotzen, berriz, Estefi Etxebeste eta Udane Ostolaza.
Festen amaieran une berezia ere bizi izan zuten. Iaz zendu zen Joxe Mari Gorritiberea Gorriti gogoan izan zuten auzotarrek, eta haren emazte Pilar Etxaberi lore-sorta eman zioten. Narrondoko Festa Batzordeak eskerrona adierazi nahi izan zion Gorritiri; izan ere, haren laguntzari esker hasi ziren herri kirol erakustaldiak auzoan antolatzen.

