Uztaila 2026
— 2026-08-25Irakurri 284. zenbakia hemen.

Gazte Eguneko ospakizunetan murgilduta dabil herria gaur, larunbata. 39. Ondarbasoko Igoera izan da eguneko lehen hitzordua, eta, haren ostean, 14:15ean, Zestoako Sarek antolatuta, Antton etxera lelopean elkartasun bazkaria egin dute herriko plazan. Antton Olaizola deportatu zestoarraren etxeratzea aldarrikatzeko eta hari elkartasuna adierazteko antolatzen dute urtero herri bazkaria.
350 lagun inguru bildu dira plazan, eta txerri saiheskidun menua nahiz aukera beganoa izan dituzte jateko. Eguraldi eguzkitsuarekin esnatu da herria gaur, eta eguerdian ere gogotik jo du eguzkiak. Horregatik, kuadrilla askok eguzkitakoen nahiz aterkien azpian bazkaldu dute, eguzki izpietatik babestuta. Ondoren, Aitor Salegik bi bertso bota ditu, plazan bildutakoen laguntzarekin, Antton gogoan.
Arratsaldean ekintzek jarraipena izango dute:
18:00 Pilota partida, frontoi zaharrean.
Txapei (Abantzu) – X.Olaiz (Oiarpe) vs. Sasiain (Abantzu) – E.Olaizola (Eple)
19:00 UK03 txaranga.
22:00 Indabe, Lukiek eta Manitu, Laranjadin.
