Uztaila 2026
— 2026-08-25Irakurri 284. zenbakia hemen.

Jon Mendiak irabazi du gaur, larunbata, jokatu duten 39. Ondarbasoko Igoera. Denera, 17 lagunek parte hartu dute gaur Gazte Egunaren bueltan jokatu duten txirrindulari proban. Azken urteetan bezala, gaur ere Jon Mendia izan da azkarrena gizonetan, proba 11 minutu, 25 segundo eta 49 ehunenekotan amaituta. Emakumezkoetan, berriz, Eneritz Lizarraldek irabazi du; 17 minutu eta 30 ehunenekotan lotu ditu hark plaza eta Ondarbasoko gaina.
Hamasei txirrindularik osatuko dute zerrenda ofiziala, nahiz eta hamazazpigarren batek ere irten duen. 17 lagun horietatik 14 gizonak izan dira, eta hiru emakumeak. Oier Ibarguren izan da proba egiten bigarren azkarrena, baina beste urtetan bezala zestoarra ez denez, gonbidatu gisa parte hartu ohi du Ondarbasorako igoeran, eta hark ez du sailkapenerako lehiatzen. Hori horrela, gizonetan, Mendia nagusitu da, Iratz Pouk egin du bigarren, denbora irabazleak baino 19,94 segundo beranduago geldituta. Julen Uranga sailkatu da hirugarren, 13 minutu, 18 segundo eta 36 ehuneneko denbora eginda. Emakumeetan, berriz, Leire Lopetegi izan da Lizarralderen ondoren bigarren (17.49.05) eta Maddi Alberdi hirugarren (20.36.36).
13:00etan egin dute sari banaketa Erdikalean, eta parte-hartzaile guztiek jaso dute garaikurra. Podiumera, berriz, probako lehen hiru sailkatuak igo dira. Sari banaketan une berezia ere izan da. Zestoako Txirrindulari Elkarteak esker ona adierazi nahi izan dio Gotzon Lizasori, urte luzez igoeran parte hartu duelako eta, gainera, proba “beti irribarre batekin” egin duelako. Txapela jantzi, eta bertso bat ere eskaini diote.
Urteroko legez, giro ederra nagusitu da txirrindulari proba honen bueltan. Eguraldi eguzkitsuarekin esnatu da gaur herria eta asko izan dira txirrindulariek egindako bidean zehar txirrindulariak animatu dituztenak.
Hona hemen gaurko partaideen denborak eta sailkapena:
Oier Ibarguren: 11.37.17 (gonbidatua izan da, eta bere denborak ez du sailkapenerako balio izan)
Ondarbasoko Igoera Zestoako Gazte Eguneko lehen hitzordua izan da. Txirrindularien hitzorduen ondoren, elkartasun bazkaria egingo dute 14:15ean hasita herriko plazan, Antton etxera lelopean. Arratsaldean ere festa giroak ez du etenik izango. 18:00etan pilota partida jokatuko dute frontoi zaharrean. Txapei eta Olaiz ariko dira nor baino nor Sasiain eta Olaizolaren aurka. 19:00etatik aurrera, berriz, musikak blaituko ditu herriko kaleak. Ordu horretan, UK03 txaranga arduratuko da giroa alaitzeaz, eta 22:00etan hasita, Indabe, Lukiek eta Manituren kontzertuak izango dira Laranjadin.

