Apirila 2026
— 2026-05-04Irakurri 281. zenbakia hemen.

Kultur Etxeko aretoa bete zen atzo Frankopoleon antzezlanaren emanaldian. Hain zuzen, Zestoako Udalak eta Euskara Foroak elkarlanean antolatutako Euskararen Loraila egitasmoaren baitako egitarauari hasiera eman zion emanaldiak.
Antzezlanak 2070. urtera egin zuen jauzia, eta umorez nahiz ironiaz islatu zituen euskal komunitatearen egungo kezka nagusiak. Aktoreen artean Inma Izeta herritarra izan zen, eta horrek are bereziago bihurtu zuen hitzordua.
Maiatzean zehar, asteartero askotariko ekitaldiak egingo dira Euskararen Loraila egitasmoaren baitan. Egitasmo honen helburua euskara erdigunean jartzea eta herritarrak gaur egun euskarak bizi duen egoeraz hausnartzera bultzatzea da.
Hitzaldiek ere izango dute lekua egitarauan. Maiatzaren 12an, 18:30ean, Alonderon, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak eskainiko du saioa. Elkartearen arabera, independentziaren bidea beharrezkoa da euskara eta euskal komunitatea bizirik iraunarazteko, eta hori ikuspegi intersekzionala garatuta lortuko dute. Gaiari lotutako azalpenak emango dituzte saioan.
Bestalde, maiatzaren 19an egingo duten solasaldian, Gorrotokrazia izango dute hizpide, izan ere, “gorrotoaren kultura zabaltzen ari den garai hauetan, euskara eta euskal komunitatea ez dira jomuga bakarrak”. Hori hizpide hartuta, gorrotokraziaren inguruan ariko dira Leire Ibarguren, Hajar Samadi eta Agurne Gaubeka.
Egitasmoari amaiera emateko, UEMAk Esnatu gure hizkuntzak har dezan arnas kanpaina aurkeztuko du maiatzaren 26an, 18:30ean, Alonderon. Antolatzaileen arabera, “egungo egoerari buelta ematea ezinbestekoa” da, eta hortik sortu dute dinamika, “arnasguneak babestu eta sendotzeko, euskararen biziberritzean motor izan daitezen”. Ale Goikoetxea UEMAko teknikariak gidatuko du saioa.
Euskararen loraila egitasmoaren egitaraua:
Hitzaldia: Euskal Herrian Euskaraz
Maiatzak 12 — 18:30, Alondero
Solasaldia: gorrotokrazia
Hizlariak: Leire Ibarguren, Hajar Samadi, Agurne Gaubeka
Maiatzak 19 — 18:30, Alondero
“Esnatu” kanpainaren aurkezpena — UEMA
Maiatzak 26 — 18:30, Alondero