Albisteak
Arroabeko airearen kalitatea neurtzeko kabina bat jarri dute auzoko plazan
— 2019-12-18Arroabeko airearen kalitatea neurtzeko kabina bat jarri zuten azaroan auzoko plazan. Pasa den urteko urrian hainbat auzotar eta Arroako industrialdeko langileren kexak jasotzen hasi zen Zestoako Udala, industriagunetik zetozen partikula metaliko batzuk zirela eta. Partikula hauek autoetan edota bizilagunen balkoietan kalteak egiten hasiak ziren. Gertakari honen aurrean kezkatuta zeuden auzotarrak eta udalari euren ezinegona jakinarazi zieten.
Zestoako Udala Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin harremanetan jarri zen arazoaren berri emateko. Arazoa konpondu ahal izateko ikuskaritza bat egin zuten martxoaren 27an industriagunean. Ikuskaritza egin ondoren, udalak airearen kalitatea neurtzeko kabina bat jartzea eskatu zion Jaurlaritzari eta beste neurri batzuk hartzea ere adostu zuten. Kabina horrekin arroarrak arnasten ari diren airearen kalitatea ezagutu nahi dute. Urtarrilaren 20ra bitartean egongo da auzoko plazan, airearen laginak hartzen. Azterketa honen emaitzek esango dute arazoa konpontzeko hurrengo urratsak zeintzuk izan behar duten.
Egin zaitez bazkide