Apirila 2026
— 2026-05-04Irakurri 281. zenbakia hemen.

Kalean, sare sozialetan, telebistan, etengabe entzuten dugun hitza da modernoa. “Hau moderno bat da”, “Beste hori moderno janzten da”, “Haiek musika modernoa egiten dute”…
Pentsatzen jarrita, nire ahotik askotan irteten den hitza da, baina ba al dakit benetan zer esan nahi duen? Ondo erabiltzen al dut? Edo esateagatik esan? Mugikorra hartu eta m-o-d-e-r-n-o-a tekleatu dut. Emaitza asko. Euskaltzaindian sartu naiz. Hauxe da pantailaren beste aldetik jaso dudan erantzuna: “Gaurkoa, egungoa; oraintsukoa edo antzinakotzat hartzen ez dena”. Mahai azpiko apalari begira gelditu naiz, adi-adi. 15 Danbolin ale daude, bata bestearen gainean eta zera etorri zait burura: “Modernoa al da Danbolin?” Mende laurdena bete dugu, bai, baina horrek ez du esan nahi antzinakoak garenik. Urteak bete izanagatik ere, gaurkoa, egungoa, bizi-bizia izaten jarraitzen du hain maitea dugun proiektuak.
Eta… Zestoarrok modernoak al gara? Bai, ezta? Beno, ez dakit modernoak den hitza. Gure herrian jaio garenok irekiagoak edo bestelakoak garela entzun izan dugu behintzat. Baina, mitoa ala errealitatea da hori? Galdera horri erantzuteko, duela ehun urteko Zestoan jarri du begirada Fernando Arzallusek. Aldaketa asko eman ziren garai hartan. Kostatik gertu egoteak eta turistentzako leku kuttun bilakatzeak garaiko herritarren bizitza aldatu zuen. Ordura arte pentsaezinak ziren gauza asko iritsi ziren gurera: Urola trenaren sorrera, zinema-aretoaren irekiera, musika eta janzkera berriak…
Garai hartakoa zen Cristobal Balenciaga ere. Eta esango duzue, zer dela aipatu du honek Getariako diseinatzailea? Ba gure herrikide bat hark utzitako ondarearekin lotuta dago. Izan ere, Markel Etxeberriak etxe horretan egin zituen bere ibilbide profesionalaren hasierako pausoak. Moda eta beste hainbat konturen inguruan aritu da Etxeberria Amaiur Aristi lagunarekin. Kolekzio eta estudio-koordinazioan dabil lanean, Parisen, Givenchy moda etxe famatuan. Azken hamarkadetan moda asko industrializatu dela dio, baina orain ba omen dago berriro hasierako modura itzultzeko joera, eskulanari balioa ematekoa. Artisautzara, eskulanera itzultzea ere gaurkoa da, egungoa; oraintsukoa edo antzinakotzat hartzen ez dena, hau da, modernoa.
Ondorioa: ez dakit zestoarrok modernoak garen, baina, tira, baietz esango dut… Orain zure txanda da, irakurle. Hartu patxadaz eta gozatu eskuartean duzun aleaz.
Itsaso Waliño Errasti