Albisteak

Pala modalitatetik kanporatuta, esku pilotakoak hasiko dira gaur Herriarteko Txapelketarekin

Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketan murgilduta dago beste urte batez Zestoa. Iazko edizioan ibilbide bikaina egin zuten eskuzko modalitatean, finalerdietaraino iritsita; azken 43 urteotan herriak txapelketan egin duen biderik onena izan zen hura. Aurten ere ilusioz ekingo diote txapelketari, nahiz eta pala modalitateko bidea amaitu den dagoeneko.

Gomazko paletan Zarautz izan dute aurkari lehen kanporaketan. Joaneko partidak Zarautzen jokatu zituzten, eta etxeko taldeak 2 eta 1eko emaitzarekin hartu zuen abantaila. Itzuliko neurketan, berriz, Zestoan neurtu zituzten indarrak, baina han ere Zarautzek irabazi zuen, berriz ere 2 eta 1eko emaitzarekin. Horrela, kanporaketako emaitza orokorra Zarautz 4 – Zestoa 2 izan da, eta ondorioz, zestoarrak txapelketatik kanporatuta geratu dira pala modalitatean.

Eskuzko modalitatean, berriz, gaur ekingo diote txapelketari. Adunaren aurka ariko dira zestoarrak, 18:30ean hasita, Adunan bertan. Itzuliko partidak datorren asteburuan jokatuko dituzte Zestoan.

Honako pilotari hauek osatuko dute Zestoako taldea gaurko neurketan:

Kadeteak:
Julen Urrestilla – Hodei Clavijo
Suplentea: Aitana Ulazia

Jubenilak:
Euken Zubeltzu – Mikel Zabala
Suplentea: Jone Lizarralde

Seniorrak:
Xabat Sasiain – Julen Odriozola Txapei
Suplentea: Ekain Azkue




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide