Albisteak

Aurrekontu aldaketa eta Ehnergiako bazkidetza onartu dituzte uztaileko udalbatzarrean

Asteartean egin zuten uztaileko ohiko udalbatzarra Zestoan. Bilkuran, besteak beste, 2026ko aurrekontuaren bigarren aldaketa, autokarabanen ordenantzari aurkeztutako alegazioa eta Ehnergia energia komunitateen sareko bazkidetza onartu zituzten.

Saioaren hasieran, Margarita Eizagirrek EH Bilduren udal taldeko zinegotzi kargua hartu zuen. Kultura, Euskara eta Jaien batzordean ariko da.

2026ko aurrekontuaren bigarren aldaketa aho batez onartu zuten. Guztira 115.532 euroko aldaketa egin dute, nagusiki Gipuzkoako Foru Aldundiak zaintza arlorako emandako 68.532 euroko diru laguntzari lotuta. Horrez gain, Kultur Etxeko jangela egokitzeko 27.000 euro gehitu dituzte, liztor asiarrak kentzeko lanetara 5.000 euro gehiago bideratuko dituzte eta Elikadura Bankuari ematen zaion ekarpena 1.500 euro handitu dute. Udalak azaldu zuenez, aldaketak egiteko ez dute diruzaintzako gerakina erabili.

Bestalde, autokarabanentzako zerbitzuak arautzen dituen ordenantzari aurkeztutako alegazioa ere onartu zuten aho batez. Horri esker, motorrik gabeko karabanek ere erabil ahal izango dituzte udalaren zerbitzuak, baldintzak betez. Ordenantza behin betiko onartuta geratu da, eta dagokion tasa 2028an jarriko dute indarrean.

Udalbatzarrean Ehnergia energia komunitateen sareko bazkide izatea ere onartu zuten aho batez. Zestoako Argiola energia komunitatearekin batera, Euskal Herriko beste energia komunitateekin lankidetza sustatzea izango du helburu bazkidetzak.

Galde-erreguen txandan sortu zen bilerako eztabaida nagusia. Mikel Arregi alkateak, ohikoa ez dela aitortu arren, EAJk herrian banatutako eskuorria hizpide hartu zuen eta bertan jasotako hainbat baieztapen argitu nahi izan zituen. Horretarako, Arozena eremuaren etorkizuna, etxebizitza politika, tentsiopeko eremuaren izendapena eta Kultur Etxearen inguruko gaiak izan zituzten eztabaidagai.

Era berean, udal gaiei buruzko zalantzak edo kritikak izanez gero, udaletxeko ateak zabalik dituztela gogorarazi zuen Arregik, eta gai horiek aurrez aurre lantzea eskatu zion EAJri. Mendizabalek, berriz, alderdiaren eskuorriak defendatu zituen, eta azaldu zuen aurrez aurreko bileretan askotan ez dutela euren planteamenduek aurrera egiteko aukerarik ikusi, pareta baten aurrean daudela sentitu izan dutelako. Horregatik, esan zuen, eskuorriak erabiltzen dituzte euren iritzia eta proposamenak herritarrei helarazteko. Bi ordezkarien arteko iritzi trukearekin amaitu zen udalbatzarra.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide