Ekaina 2026
— 2026-07-02Irakurri 283. zenbakia hemen.

Gaur arratsaldean jokatzekoa zen Txokoko Pilota Txapelketako finala, baina euriak ezinezko egin du jardunaldia amaitzea. Lehenik, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida hasi dute Josu-Josu eta Aner-Muno bikoteek, eta ondoren jokatzekoa zen Xabat-JV eta Oier-Oier bikoteen arteko finala, aurtengo txapela nork jantziko duen erabakitzeko norgehiagoka.
18:30ean hasi da lehen partida, baina minutu gutxira euria hasi duenez, partida eten behar izan dute. Ordubete inguru geldirik egon ondoren, pilotariek eta bertaratutako herritarrek frontoia lehortzeko ahalegina egin dute, periodikoak eta haize-makinak erabiliz, eta partida berriz abiatu ahal izan dute. Hala ere, minutu batzuk igaro ostean berriro hasi du euria eta, egoera ikusita, bi partidak bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek.
Horrenbestez, bi neurketak bihar, larunbata, goizeko 10:30ean jokatuko dira. Dena den, gaur erdibidean geratu den hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko neurketa 0-0 emaitzarekin hasiko da.
Biharko finala ere gure Youtubeko kanalean zuzenean emango dugu.
Hona hemen euria hasi aurretik hartutako irudi batzuk:




























