Berehala gatoz

Hitz egin dugu zaintzaz, egoitzez, ostalaritzaz, kulturaz… entzun ditugu gazteak, sortzaileak, tabernariak eta taldeetan lanean dihardutenak. Asko dago esateko eta entzuteko, elkar ulertzeko. Gure herriko errealitatea ñabarduraz eta jende onez beterik dago, egoera txarrenean ere aurrera egin eta bere onena ematen duten pertsonez.

Ekimen berri bati abiapuntua markesinatik eman nahi izan diogu. Eguraldia hoztu eta euria hastearekin batera atsedenalditxo bat hartu eta markesinatik etxeko epelean sartzera goaz. Itzuliko gara. Kontu asko utzi ditugu aipatu gabe, badakigu, baina aurrerago helduko diegu; hori da gure asmoa.

Gure herriko errealitatea ezagutuz, hobeto ulertuz, elkar zaindu eta eragiteko dinamika abiatu nahi izan dugu horrela; nola bestela? Jasotakoa herritarrokin partekatzea izan da helburuetako bat; honela, interesa duen orok jakin dezan esku artean dugunaren berri. Asko izan zarete norberaren ekarpenarekin zer egin edo nola bideratu dezakezuen galdetu diguzuenak. Pandemiaren berezitasuna da jende multzo handiak ekiditea eta horrek ekimen hau modu ez masiboan egitera behartu gaitu. Izango dugu elkarren berri; izan ere, aukera berriak lantzeko gogoz gelditu gara.

Egun hauetan bildutakoari buruz balorazioa egitea dagokigu orain; datorrenari buruzko gogoeta egitea. Markesinara hurbildu zareten guztiok gure esker ona adieraztearekin batera agurtzen zaituztegu, mila esker zuen alea jarri duzuen guztioi. Laster arte!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide