Beste urte batez erasoen aurkako protokoloa martxan
Danbolin— 2026-08-27Badira urte batzuk Itaiatik festetan eraso matxisten aurkako protokoloa abian jarri genuela, eta aurten ere lehenengo egunean bezainbesteko garrantzia duela azpimarratu nahi dugu. Izan ere, indarkeria matxistak emakumeon eguneroko ogi izaten jarraitzen du, eta gainera, azken urteetan egoerak okerrera egin du: Euskal Herrian, urtea hasi zenetik, 4 erailketa matxista eta 2 saiakera izan dira, orain arteko daturik okerrena. Hala ere, ez dugu ahaztu behar erasoen benetako kopurua albisteetan agertzen dena baino askoz handiagoa dela, salatzen diren kasuek ez baitute errealitate osoa erakusten. Uda sasoian, gainera, jarrera matxistak ugaritu eta indartu egiten dira.
Gainera, aurten 10 urte bete dira San Ferminetako La Manada kasutik. Gertaera hau inflexio-puntua izan zen biolentzia matxistaren aurkako borrokan, jendetza atera baitzen kalera protesta egitera. Egun, ordea, desmobilizazio nabarmena bizitzen ari gara; nahiz eta gai honek instituzioetan eta legedian presentzia handiagoa hartu duen, horrek ez du emakumeon egoeran benetako hobekuntzarik ekarri.
Horregatik, protokolo honen helburuetako bat gure espazioak indarkeria matxistaren kontra aktibo mantentzea eta jarrera irmoa izatea da, jarrera matxistak gaitzetsiz eta eraso baten aurrean modu argi eta kolektiboan erantzunez. Denon ardura da gure espazioetan erasoen aurkako jarrera bultzatu eta kasu bakoitzaren araberako neurriak hartzea. Ezin dugu onartu erasotuei bere bizimodua aldatzera behartzen zaien heinean, erasotzaileek inpunitate osoz jarraitzea.
Era berean, ez dugu uste poliziak indarkeria matxistaren aurrean babes-funtzio hori betetzeko figura egokia denik. Sarritan, emakumeen testigantzak zalantzan jarri, emakumeak gehiago biktimizatu edo salaketak gutxietsi izan dituzte. Era berean, datu aipagarria da 2024ko uda garaian egindako erasoen %15a poliziek edo polizia ohiek egindakoak izan zirela. Nola da posible erasotzen gaituztenak babesten gaituztela pentsatzea?
Beraz, argi gelditzen da gure protokolo propioa behar dugula: inoren zain egon gabe, erasoen aurreko erantzuna gure artean antolatu eta indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia zabaltzeko. Erasoen erantzuna modu kolektiboan antolatuta gaudenon artean eman behar dugu.
Horren adibide da aurten ere festetan martxan jarriko dugun telefonoa: 613 637 385. Festetan zehar 24 orduz egongo da aktibo erasoren bat jaso, lekuko izan edo aholkularitza behar duen edonorentzat. Telefonoaz gain, protokoloa aktibatzeko beste aukera bat txosnaguneko barrara gerturatzea izango da.
Indarkeria matxista orori aurre egin!
Egin zaitez bazkide
