Albisteak

Herriko adinekoak izango dira protagonista igandean Edadetuen Egunean

Festa bete-betean datorren asteko larunbateko txupinazoarekin murgilduko bagara ere, motorrak berotzeko asteburu betea izango dugu aste honetan. Larunbatean Gazte Eguna ospatuko da, eta igandean, berriz, Edadetuen Eguna. Ohitura bilakatu den moduan, igandeko ekitaldi nagusia Zestoako Udalak herriko adinekoei egingo dien aitortza izango da.

10:00etan Idiakaitz Txistulari Taldearen dianak emango dio hasiera Edadetuen Egunari. 12:30eko mezaren ondoren, 13:15ean, herriko zaharrenei oroigarriak eskainiko dizkiete Foru plazan. Primitiva Garate Urbieta eta Iñaki Martin Iriondo izango dira aurtengo omenduak. Horrez gain, 2014az geroztik, 85 urte betetzen dituzten herritarrak ere omentzen ditu udalak, eta igandean ere hala egingo du. Idiakaitz Txistulari Taldeak eta Itxaropena Dantza Taldeak girotuko dute ekitaldia.

Eguerdian, Jubilatu Etxean bazkaria egingo dute, eta arratsaldean, 17:30ean, herri kirol erakustaldia izango da Frontoi Zaharrean. Harri-jasotzen Irati Osinalde, Udane Ostolaza eta Jon Unanue “Goenatxo” ariko dira; aizkoran, berriz, Ugaitz Mugerza eta Arkaitz Etxebeste. Egunari amaiera emateko, Izer eta Alabierren erromeria izango da 19:00etan.

Hona hemen Edadetuen Eguneko egitaraua, osorik:

10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
12:30. Meza.
13:15. Herriko zaharrenei oroigarriak eskainiko zaizkie Foru plazan.
14:30. Bazkaria Jubilatu Etxean.
17:30. Herri kirolak Frontoi zaharrean.
19:00. Erromeria Izer eta Alabier plazan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide