Albisteak

Festa giroa nagusituko da larunbatean Gazte Egunean

Amabirjinen esperoan daude jada herritarrak, baina aurretik ere festa giroan murgilduko da herria asteburu honetan. Hain zuzen, ohiko osagaiekin datoz aurten larunbatean, hilaren 29an, ospatuko den Gazte Eguna eta igandean, hilaren 30ean, egingo den Edadetuen Eguna.

Ekintzaz bete-beteriko eguna izango da larunbatekoa, kirola, jan-edana eta musika uztartuko dituena. XXXIX. Ondarbasoko Igoera erlojupeko txirrindularitza probak emango dio hasiera egunari. 11:30ean abiatuko da lehen parte-hartzailea Erdikaletik, eta lasterketa amaituta, 13:00etan, sari banaketa egingo dute Laranjadin. 14:15ean, berriz, haur, gazte zein helduak elkartuko dira plazan, Sarek Antton etxera lelopean antolatutako elkartasun bazkarian. Bihar arte, osteguna, erosi ahal izango dira txartelak Portalen.

Arratsaldean ere festa giroak ez du etenik izango. 18:00etan pilota partida jokatuko dute frontoi zaharrean. Txapei eta Olaiz ariko dira nor baino nor Sasiain eta Olaizolaren aurka. 19:00etatik aurrera, berriz, musikak blaituko ditu herriko kaleak. Ordu horretan, UK03 txaranga arduratuko da giroa alaitzeaz, eta 22:00etan hasita, Indabe, Lukiek eta Manituren kontzertuak izango dira Laranjadin.

Hona hemen Gazte Eguneko egitaraua, osorik:

11:30. XXXIX. Ondarbasoko Igoera.
13:00. Ondarbasoko Igoeraren sari banaketa, Laranjadin.
14:15. Elkartasun bazkaria “Antton etxera”, plazan.
18:00. Pilota partida, frontoi zaharrean.
Txapei (Abantzu) – X.Olaiz (Oiarpe) vs. Sasiain (Abantzu) – E.Olaizola (Eple)
22:00. Indabe, Lukiek eta Manitu, Laranjadin.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide