Maiatza 2026
— 2026-06-03Irakurri 282. zenbakia hemen.

Badira hamalau urte Zestoako Antzerki Astea lehen aldiz antolatu zuela Eromen Produkzioak-ek, eta, ordutik, urtero euskarazko arte eszenikoaren erakusleiho bilakatzen da herria ekainaren hondarrean. Aurtengoan, antzerkia gustuko dutenek haurrei zein helduei zuzendutako zazpi antzezlan ikusteko aukera izango dute bihartik, asteazkenetik, igandera bitartean.
Lehen hiru egunetan etxeko taldea ariko da oholtza gainean. Hirugarren egunean, helduen taldeaz gain, Arte Eszenikoen Eskolako kide gazteenek ere euren lana aurkeztuko dute. Larunbatean, berriz, Dejabu konpainiaren txanda izango da. Azken eguna umeei eta familiei zuzendutako emanaldiek beteko dute: lehenik, Eromeneko nerabeek eskainiko dute euren antzezlana, eta ondoren, Mar-Mar Teatroak hartuko du lekukoa. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, oraindik badaude sarrerak biharko emanaldirako eta azken eguneko Mar-Mar Teatroaren antzezlanerako. Sarrerak Turismo Bulegoan edo entradium.com webgunean eskuratu daitezke.
Guzti honen atzean daude Amancay Gaztañaga zuzendaria eta urte osoan lanean aritzen diren Antzerki Eskolako kideak. Batzuk hasieratik ari dira proiektuan parte hartzen, eta beste batzuk berriki batu dira; hala ere, denek ilusioz eta gogoz bizi dute Antzerki Astearen ataria. Haiekin izan gara aste berezi hau nola bizi duten gertutik ezagutzeko.