Albisteak

Muturreko beroagatik, bertan behera geratu dira San Joan su guztiak

Datozen bi egunetarako muturreko tenperatura altuengatik ezarritako alerta gorriaren aurrean, Zestoako Udalak San Joan bezperan piztu ohi diren su guztiak bertan behera uztea erabaki du.

Eusko Jaurlaritzak landa eremu guztian suak piztea debekatu duenez, Zestoako hainbat auzotan ezingo da ohiko sua egin. Hala ere, hiri lurzoruan sua piztea baimentzea udalaren esku egon arren, arriskua ikusita, herrigune nagusian eta udalerri osoan sua debekatzea erabaki dute.

Udalak azaldu duenez, auzo nagusietan San Joan suak belardi eta baso guneetatik gertu piztu ohi dira, eta azken egunetako beroaren ondorioz eremu horiek oso idor eta suharberak daude. Herriguneko plazan sua egiteak ere tenperatura areagotzeaz gain, sute arriskua handitu dezakeela nabarmendu dute.

«Pena da gure usadioaren parte diren ekitaldi hauek bertan behera utzi behar izana, baina larrialdi klimatikoak guztioi erantzukizunez aritzea eskatzen digu», adierazi du udalak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide